Mendiko zinemagintza onena: Antzuola-Puntaik Punta, 18an eta Getarian, 24an

Bizkaie! 2021-10-18 12:20   Zinemea

Mendi Tour-ak 7000 ikusleko kopurua gainditu dau aurten.

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinema jaialdiko pelikularik onenez eta txalotuenez gozetako aukerea emoten dauen Mendi Tour-ak Antzuolan eta Getarian, Gipuzkoan, ditu hurrengo hitzordu biak.

Gaur, urriak 18, astelehena, Puntaik Punta Debagoieneko Bidezidorren Jaialdiko lehen eguna Antzuolan, Torresoroa aretoan eskainiko dira 3 pelikula:

Aterpean ateri (5’) Ruben Crespo zuzendari errenteriarrak gidatuta, Mikel Sarasola ur lasterretako kayaker donostiarrak etxealdi garaian izan zituen burutazioak.

Myrtle Simpson: A Life On Ice (34’) Myrtle Simpson esploratzaile eta abenturazale britainiarrari eginiko autortza dokumentala, Groenlandia eskietan zeharkatu eban lehen emakumea.

Die Grobe Zinne (The Great Peak) (54’) Reinhold Messnerren kontakizuna, Lavaredoko Hiru Gailurretako 150 urteko eskalada historia eta eboluzinoa aletuz.

Aratsaldeko 18:30ean hasiko dira proiekzinoa eta sartzea doban izango da.

Datorren domekan, urriaren 24an, barriz, Getariako Mendi Tourraren bigarren edizinoa egingo da, Iturzaeta aretoan. Goizean mendira joango dira eta arratsaldean (18:30) mendiko zinema saiora hurreratuko dira. Sartzea doban izango da baina gonbidapenak Turismo bulegoan jaso behar dira (dagoeneko eskuragai).

Ondoko lau pelikulak eskainiko ditue Getarian:

Charge 2 (4') Free skiaren ikusgarritasuna munduko txapelduna den drone gidariaren eskutik biderkatuta.

El Gran Hito (13') Film Labur Onena Mendi 2020 Stop-motion animazinoko lana, mendia, erronkak eta emakumearen protagonismoa aldarrikatzen dituana.

Shared Vision (28') Zertaraino kapaz dan Red Széll eskalatzaile britainiarra, itsua, Eskoziako kostaldeko hatx-zutabe tente bati aurre egiterakoan.

Mendian hil, hirian hil (58') Euskerazko Film Onena Mendi 2020. urtean. Bizitzea eta heriotzearen inguruko hausnarketea mendiagaz estu lotuta dagozan protagonisten eskutik: eskarmentu handiko mendizaleak, semea edo anaia mendian galdu dabenen senideak, mendian espezializautako kazetariak, dolua eta heriotzea.

*Iñaki Peña eta Felix Zubiak aurkeztuta: lehenengoa, pelikulearen zuzendaria eta jagoletza aringarrietako mediku espezialistea eta bigarrena Donostia Ospitaleko Jagoletza Intensiboetako Unidateko burua eta pelikulako protagonistea.

Mendia, muturreko kirolak, abenturea eta natura gaien zinemagintzako nazinoarteko film onenak eta barrienak aurkezten ditu Mendi Film Festibalak (aurten 14. edizinoa beteko dau abenduaren 3tik 12ra) eta han saritutako eta gehien nabarmendutako filmak eskaintzen dira Mendi Tour-ean. 2021ean, pandemiak pandemia, 7000 ikusletik gora erakarri ditu, 28 herri eta uritan proiekzinoak eskainita.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu