Euskal sorkuntzearen ikuspegi zabala emongo dau 49. Musikastek

Bizkaie! 2021-10-15 08:44   Musikea

Urriaren 15etik 23ra, Errenteriako bost lekutan.

Naroa Intxausti sopranoa | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal musikea zabaldu eta ezagutarazotea da Musikaste jaialdiaren helburua, eta aurtengo edizinoan bete-betean helduko deutso horri, euskal sortzaileak izango diralako protagonista, emakumeakan arretea jarrita. Bertoko musikari klasikoen zein garaikideen piezak ezagutzeko modua izango dau publikoak, urriaren 15etik 23ra bitartean. 

Andra Mari Abesbatzeak eta Eresbil Euskal Musikearen Artxiboak antolatzen dabe urtero Musikaste, Errenteriako Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzearen bultzadeari esker. Horreen guztien ordezkariak batu dira 49. edizinoa aurkezteko agerraldian.

Bederatzi kontzertu sartu ditue egitarauan. Betiko lez, Errenteria izango da egoitzea, baina antolatzaileek musikeaz gozetako leku barritzaileak eten barik bilatzen dituenez, oraingoan herriko bost gunetan ipiniko ditue oholtzak. Lekuona Fabrikea izango da nobedadea.

Inaugurazinoaren egunean hitzordu bikotxa dakar Musikastek: batetik, Naroa Intxausti sopranoak eta German Ormazabal pianisteak konpositore ezagunen lanak interpretauko ditue; bestetik, Alain Mayaren jantzea ikusi ahal izango da Errenterian, Garikoitz Mendizabalen txistuak eta Gorka Hermosaren akordeoiak lagunduta. 

Hurrengo egunetan be, danetariko estiloak buztartuko ditue programazinoan. Ganbara-musikearen alorrean Sarasate bikoteak igongo dau oholtzara, eta musika garaikidearen atalean, ostera, aitatzekoa da uniberso feministeari egingo deutsen keinua. Simone de Beauvoirren Bigarren sexua liburu ospetsuan oinarrituta Asier Lopez Iraolak sortutako errepertorioaren estreinaldian hartuko dabe parte Jone Martinez sopranoak eta Bilbao Sinfonietta taldeak.

Jazzari jagokonez, Angel Unzuk Orain diskoko doinuak aurkeztuko ditu laukote formatuan. Abesbatzen saioa eta egun sinfonikoa be izango ditu aurten Musikastek, eta azken horretan Euskadiko Gazte Orkestreak euskal konpositore ugariren piezak interpretauko ditu, Ruben Gimeno zuzendari dala. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu