30 herrialdetako 120 lan VII. Seriesland-en
2021-10-13 10:44 ZinemeaInterneteko Ikusentzunezkoaren Jaialdia urriaren 18tik 23ra izango da.
Seriesland normaltasun osoz bueltauko da baina maskarea nahitaez erabili beharko da aurrez aurreko ekitaldi guztietan. Uriko gune batean baino gehiagotan izango dira jarduerak, baina Bilborock izango da egoitza nagusia. Saio askok sarrera librea izango dabe, dobakoak izango dira websailen zale guztientzat.
Bizkaiko uriburua nazioarteko erreferentzia bihurtuko da ikus-entzunezkoen arloan; 120 bat lan egongo dira lehiaketan, lau kontinentetako 30 bat herrialdetatik ekarriak eta sail ofizialean ez eze, sail espezifikoetan lehiatuko dira, sorkuntza independentea, fikzinokoa ez dan saila, trailerren lehiaketea eta euskal sorkuntzarako espazioa. Otsoak dira sorkuntza digitalaren arloan hemengo Oscarrak eta kategoria bakotxaren barruan sari bat baino gehiago dago: sail onena, zuzendaritzarena, aktore lan onena, produkzinoa, soinua, musikea... Eta Guggenheim Museoa, sariak emoteko galearen areto.
Jaialdiaren aurretik, barritasun bat izango da aurten, Seriesland Xpress lehiaketea, sail barri bat da, etorkizuneko talentuak erakarri eta motibau nahi dituana erronka jakin bategaz, 48 orduan websail hipotetiko baten guzurrezko trailerra filmetea. Hiru sari emongo ditue, 1.000 eurokoak guztira, horreetako bat Instagramen jasotako atsegiteen bitartez. Saritutako lanak inaugurazinoko galan jakinarazoko ditue, Bilborocken, urriaren 18an. Horrezaz gan, jaialdiaren aurreko egunetan, prestakuntza jarduera batzuk egingo ditue, baita berbaldiak be Tartangako LHko eskolan (Erandion), urriaren 14an.
Jaialdia iragarriko dauen kartela
Aurtengo kartela, lau urte honetako protagonista bera izango da, neska anonimoa, besteak beste Tronuen dema eta Izarretako Gerra filmen parodiak egin dituana bera. Aldi honetan, Serieslandek "The Boys" saila omenduko dau, AEBetako superheroien gainekoa, Garth Ennisen komikian oinarritua baitago eta Amazon Prime Video plataformarako sortua izan baita. 2019ko garagarrilean estreinautakoa, lehen bi denporaldietako erantzun bikainari esker, hirugarren bat egin dabe eta arrastoa itxi dau. Seriesland kartelean, The Boys-eko esaldi bat erabili dabe, Never meet your heroes, websailetan eguneratuta egoteko gonbidapena baita.
Baina Seriesland ez da bakarrik lehiaketearen atala, zarratzeko galea eta garaikurrak emotea, jaialdi arrunta baino askoz gehiago da, zeren eta eduki digitalen nazinoarteko merkatua be bada eta sektorean puntan dabizan enpresen topagune be bai; gainera, gogoetarako foro bat be badauka, eta berbaldi espezializatuak eta networking saioak egiteko aukerea be badago lehiaketara aurkezten diran eragileen artean. Gainera, DIMAren moduko ekimenak ditu, mezenasgorako nazinoarteko plataforma bat, ikus-entzunezko talentu barrientzat eta formatu barritzaileentzat, finantzabidea, koprodukzinoa topau deiezan.
Igaz, pandemiagaitik, bete-betean presentziala izan ez zan formatua erabili zan eta aurten jarraipena izango dau. Online plataformeari esker, lehiaketako websail guztiak ikusi eta networkinga egiteko modua izango da, baita berbaldiak eta gainerako ekitaldiak etxetik ikusi be streaming bidez.
Serieslandek honako erakunde honeen babesa izan dau: Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Saila, Beazforu soziedadea, Bilbo Ekintza udal agentzia, Kultur eta Kirol Ministerioa, Laboral Kutxa, Zineuskadi, EIKEN klusterra, Key Group Comunicacion etxea, Euskotren eta Accion Cultural Española.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!