Euskal ikus-entzunezkoak bultzatuko ditu IV. Zinebi Networking Foroak
2021-10-08 13:30 ZinemeaTopaketa profesional horretan izena emoteko epea urriaren 21era artekoa da.
Datorren hilean egingo dabe 63. Zinebi, Bilboko Film Laburren eta Dokumentalen Nazinoarteko Jaialdia, eta, hitzordu horregaz batera, ikus-entzunezkoen dektoreko profesionalentzako topaketea be antolatu dabe, IV. Zinebi Networking: Dokumentalen Sorgunea Foroa.
Zinebik eta Bilboko Udalak antolatu dabe topaketea, Euskal Produktoreen Alkarteagaz batera, eta Europa Creativa Desk Media, ETB eta Zineuskadi laguntzaile dirala. Bilbon, Bizkaian eta Euskal Herrian ikus-entzunezkoen produkzinoa bultzatzea da helburua, batez be dokumentalen arloan.
Bertoko sortzaileei zuzendutako foroa izango da Zinebi Networking. Film luze dokumentalak egiteko proiektuak aurkeztu ahal izango ditue, eta adituen eta profesionalen batzorde batek aukeratuko ditu topaketan parte hartuko dabenak. Interesa daben zinemagileek urriaren 21era arteko epea dabe proiektuak aurkezteko.
Zinebi Networking Foroan parte hartzeko aukeratzen dituen proiektuen egileei tutoretza-saioak eta aholkularitzea emongo deutsez, jentaurrean aurkeztu aurretik. 63. Zinebiko epaimahaiaren aurrean, pitching erako saio bat be egingo dabe.
Ganera, proiektu onenari Zinebi Networking: Dokumentalen Sorgunea Saria emongo deutse, 10.000 eurokoa. Jaialdiaren azken egunean, zemendiaren 19an, emongo dabe aurtengo edizinoko irabazlearen barri. Igaz Amaia Remirezen Bayo Bayo Baby izan zan irabazlea. 2019an Bost minutu (Amaia Nerekan) izan zan onena eta 2018an, Meseta (Juan Palacios).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!