Luis Arrietak zuzendutako 'Mendiak 1976' filma abenduaren 4an estreinauko da

Bizkaie! 2021-10-07 13:36   Zinemea

BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiaren lehenengo egunean.

Istorioa 1976. urtean hasi zan, mendizale gazte talde bat Iruñeko udaletxe plazatik Afganistango Hindu Kush mendikateraino lur-orotako ibilgailu bitan ekin eutsenean. Abenturea, leku barriak deskubriduteko asmoa eta exotismoz betetako espedizioa izan zan, 7.116 metroko Shakhaur tontorrera igoteaz batera arrakastaz amaitu zana: Euskaldunen lehen zazpimilakoa izan zan, gure himalayismoaren historian mugarri bat.

Baina tontorra zapaltzearen poza laster bihurtu zan tristura, beherantz joiazala zoritxarreko istripu bat jazo zanean: espedizinokideetako bat hil eta beste bat larri zauritu zan. Inguruan egoan poloniar espedizio baten ezinbesteko laguntzeari esker, nafarrek zauritutako laguna salbau eben eta horri esker espedizino biak betirako lagun bihurtu ziran; eta orain, 45 urte igaro ondoren, barriro batuko dira Bilbon, bizirik dagozanak bai behintzat.

2019an sortu zan espedizino ha gogora ekarri eta balioan jarteko proiektua

Protagonisten gaur egungo testigantzakaz, MENDIAK 1976 filma Luis Arrieta eta Koldo Pastorren ekimena da, azken hau Shakhaurren espedizinoko kideetako bat izan zan Javier Pastorren lobea. Dokumentalean, gainera, Daniel Burgui kazetaria da gidoilaria eta Jesus Iriarte erretratu-zuzendaria. Proiektua aurre-produkzino fasean aurkeztu eban Luis Arrietak berak Mendi Filmen, 2019. urtean, Gregorio Ariz Shakhaur'76ko beste kideetako batek lagunduta eta ordutik, eta tartean izandako pandemiaren ezusteko danakaz, filmaren mundu mailako estreinaldiaren aurrean gagoz.

Euskalduna Jauregian, abenduaren 4an

Milatik gora ikusle batzea espero da, proiekzino gogoangarria eta holan izan daiten BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaiak neurriko hasiera ekitaldia atontzen dabil; filmari buruzko zehetasunak aurrerago etorriko dira, Sail Ofizialeko filmen zerrenda aurkezteaz batera; hautaketaz arduratzen dan lan-taldea zeregin horretan dabil, aurten aurkeztu dan material bikainaren aurrean, burukomin handiak tarteko dirala.

Sarrerak erosteko aukerea aurrerago jakinarazoko da baina igaz egin zan moduan, aurten be sarrera pack-en aurre-salmenta eskaintzarik ez dala egingo argitu dabe atontzaileek. Zemendian emongo dabe abenduaren 3tik 12ra egingo dan 14. edizinoko programazino osoaren barri eta horregaz batera aktibauko da sarrerak saltzeko prozesua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu