Margarethe Von Trotta alemaniarrarentzat 63. Zinebiko Ohorezko Mikeldia

Bizkaie! 2021-10-06 11:17   Zinemea

Inaugurazino galan emongo deutse saria, zemendiaren 12an.

Margarethe Von Trotta (argazkia: Alexander Vejnovic/Zinebi) | Ikusi handiago | Argazki originala

Alemaniako Zinema Barrian nabarmendu dan Margarethe Von Trotta aktore, zuzendari eta gidoigileari omenaldia egitea erabagi dau 63. Zinebik, Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazinoarteko Jaialdiak. 1968ko Iraultzearen ondorengo urteetan emakumearen ahalduntze gero eta handiagoa erakusten jakin izan dauelako eta zinemagintzearen historiako autore feministen artean nabarmendu dalako emongo deutse Ohorezko Mikeldi Saria.

Kameren aurrean ekin eutsan zinemagintzako ibilbideari Margarethe Von Trottak (Berlin, 1942), Rainer Werner Fassbinder, Volver Schlöndorff eta beste zuzendari alemaniar ezagun batzuen aginduetara. 1970eko hamarkadatik, munduko jaialdi ospetsuetan behin eta barriro agertu dira haren lanak. Esate baterako, 1981eko Die bleierne Zeit filmean egindako lanagaitik Veneziako Urrezko Lehoia eta kritikearen saria irabazi zituan. 2004ko Rosenstrasse be oso saritua izan zan. 

Laster filmak zuzentzeko ardurea be hartu eban Von Trottak. Die Verlorene Ehre der Katharina Blum izan zan lehenengoa, eta kritikeak txalotutako beste lan ugari etorri ziran gero: Das Zweiter Erwachen der Christa Klages (1978), Schwestern oder Die Balance des Glücks (1979), Heller Wahn (1983) eta Rosa Luxemburg  (1986), besteak beste.

Orain arte aurkeztu dauen azken film luzea Auf der Suche nach Ingmar Bergmann dokumentala da, 2018koa. Hain zuzen be, orain dala hiru urteko Zinebi jaialdian proiektau eben. Gaur egun, behin-behinean Bachmann & Frisch izenburua dauen filma atontzen dabil Margarethe Von Trotta.

Bilbora etorriko da zinemagile alemaniarra zemendian, Zinebik konbidauta. Jaialdiaren inaugurazino galan, zemendiaren 12an, Ohorezko Mikeldia emongo deutse. 13an, ostera, publikoagaz topaketa baten hartuko dau parte. Saioa Bilboko Arte Eder Museoan izango da, Helena Taberna zinemagile nafarrak gidatuta, eta Goethe Institut erakundea laguntzaile dala. 

Ganera, Arte Eder Museoko topaketan, Die bleierne Zeit proiektauko dabe, Von Trottaren pelikularik txalotuenetakoa dan horren estreinalditik 40 urte pasau diralako. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu