Europako Padel Txapelketea Bizkaian jokatuko da, urriaren 4tik 9ra

Bizkaie! 2021-10-01 10:54   Kirola

Euskal Selekzinoak hartuko dau parte, beste 13 herrialdegaz batera.

2021eko Europako Padel Txapelketearen egoitzea Bizkaia izango da, eta kirol hitzordu garrantzitsu hau hasteko egun gitxiren faltan, erakunde publikoek eta antolatzaileek lehiaketearen nondik norakoen barri emon dabe. Urriaren 4tik 9ra, 14 selekzinok hartuko dabe parte txapelketan, tartean Euskal Selekzinoak.

Europako Padel Txapelketea aurkezteko ekitaldian agertu dira Jon Redondo (Eusko Jaurlaritzea), Carlos Sergio (Bizkaiko Foru Aldundia), Itxaso Erroteta (Bilboko Udala), Jorge Peñín (Euskadiko Padel Federazinoa), Alfredo Ruiz de Azua (Bizkaiko Padel Federazinoa) eta Angel Gurrutxaga (EKFB).

Danetara, Bizkaiko zazpi herritako beste horrenbeste klubetan egongo dira partiduak eta Bilbon, Bizkaia pelotalekuan, jokatuko dira finalerdiak eta finalak. Gizonen zein emakumeen kategoriak egongo dira. Ganera, Europako Binakako Txapelketea be hartuko dau Bizkaiak, gizonezkoen 60 bikote eta emakumezkoen 36gaz. Horrek esan nahi dau goi mailako 300 partidu baino gehiago hartuko dituala Bizkaiak hilaren 4tik 9ra. 

Antolatzaileen arabera, txapelketeak Europa osoko 500 persona inguru erakarriko ditu, jokalari, teknikari eta laguntzaileen artean.

Jon Redondok euskal selekzinoa txapelketa ofizialetan lehiatzearen garrantzia azpimarratu dau. Gogoratu dauenez, hilabete pasautxuan nazinoarteko hiru txapelketa egingo dira Euskadin, eta hiruretan euskal selekzinoa modu ofizialean lehiatuko da: padela, sokatirea eta kayak surfa.

Euskadik maila goreneko nazinoarteko txapelketak antolatzeko dauen gaitasuna erakusteko aukerea be badira era horretako txapelketak, Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendariak azaldu dauenez. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu