Donostiatik Bilboko Azkuna Zentrora ekarriko ditue Zinemaldiko hamaika film

Bizkaie! 2021-09-27 13:43   Zinemea

Zikloa gaur, irailak 27, hasiko da, Javier Marcoren Josefina-gaz.

Zapatuan amaitu zan 69. Donostiako Zinemaldia eta bertatik pasau diran izarren disdirearen zati bat Bilbora ekarriko dabe, Azkuna Zentroan egingo dan zikloaren bidez. Gaur, irailak 27, hasi eta domekara arte, zazpi egunean hamaika film proiektauko ditue, Zinemaldiko egitarauko esanguratsuenen artean aukeratuak. Astegoienean, ume eta gazteentzako saio bereziak antolatuko ditue.

Lehenengo proiekzinoan Javier Marcok zuzendutako Josefina ikusi ahal izango da, Azkuna Zentroko auditorioan, gaur 19:30ean. Zuzendaria bera eta aktore nagusi biak, Emma Suárez eta Roberto Álamo, izango dira Bilbon, filmaren inguruko azalpenak emoteko. 

Zikloa aurkezteko agerraldian hartu dabe parte Josefina-ko ordezkariek. Eurakaz egon dira Azkuna Zentroko zuzendari Fernando Pérez, Zinebiko zuzendari Vanesa Fernández eta Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinos.

Zuzendari ospetsuen lanak eta zinemagintzea ulertzeko modu asko ezagutzeko aukerea dala adierazo dau Fernando Pérezek. Hainbat belaunalditako zinemagileen tituluak sartu ditue programan, ahalik eta ikuspegirik zabalena emoteko asmoz. Besteak beste, Julia Ducournau, Tea Lindeburg eta François Ozon egile sarituen filmak ikusi ahal izango dira Bilbon.

Lindeburgek, hain zuzen be, zuzendari onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi barri dau 69. Zinemaldian, eguenean Bilbon ikusi ahal izango dan Du Som Er I Himlen filmari esker.

Josefina auditorioan proiektauko badabe be, hurrengo egunetako proiekzinoak Golem Alhondiga aretoan izango dira, Azkuna Zentroan bertan. Jatorrizko bersinoan emongo ditue pelikula guztiak, azpitituluakaz. Kasu gehienetan gaztelaniazkoak izango dira azpitituluak; zapatu eta domeka goizetako gaztetxuentzako film bietan baino ez dira egongo euskerazkoak. 

Programea

- Astelehena, irailak 27, 19:30ean
Filma: Josefina
Iraupena: 90'
Zuzendaria: Javier Marco

- Martitzena, irailak 28, 19:30ean
Filma: Titane
Iraupena: 107
Zuzendaria: Julia Ducournau

- Eguaztena, irailak 29, 19:30ean
Película: Un monde
Iraupena: 72’
Zuzendaria: Laura Wandel

- Eguena, irailak 30, 19:30ean
Filma: Du Som Er I Himlen
Iraupena: 86'
Zuzendaria: Tea Lindeburg

- Barikua, urriak 1, 19:30ean
Filma: Arthur Rambo
Iraupena: 87'
Zuzendaria: Laurent Cantet

- Zapatua, urriak 2, 12:00etan
Filma: Dragoiaren Gidaria
Iraupena: 91’
Zuzendaria: Tomer Eshed

- Zapatua, urriak 2, 18:30ean
Filma: Marocco
Iraupena: 120'
Zuzendaria: Emanuel Pârvu

- Zapatua, urriak 2, 20:30ean
Filma: Les Ilusions Perdues
Iraupena: 120'
Zuzendaria: Xavier Giannoli

- Domekea, urriak 3, 12:00etan
Filma: Elfinak
Iraupenak: 78’
Zuzendaria: Ute von Münchow-Pohl

- Domekea, urriak 3, 18:30ean
Filma: Mi iubita
Iraupena: 95’
Zuzendaria: Noémi Merlant

- Domekea, urriak 3, 20:30ean
Filma: Tout s’est bien passé
Iraupena: 113’
Zuzendaria: François Ozon

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu