Rebeka Arcek egin dau 63. Zinebiko kartela

Bizkaie! 2021-09-27 10:37   Zinemea

Jaialdia zemendiaren 12tik 19ra egingo dabe, Bilbon.

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Jaialdiak, Zinebik, badauka 63. edizinorako kartela. Bertoko artista bat, eskarmentu handikoa, aukeratu dabe zeregin horretarako, Rebeka Arce sortzaile, diseinatzaile eta arte zuzendaria.

Bilboko Udalak antolatzen dau urtero Zinebi, urian tradizino luzeena dauen jaialdia, dokumentalgintzan eta film laburretan mundu osoko sortzaileen lan barriak euskal publikoari erakusteko. Zemendiaren 12tik 19ra egingo dabe 63. edizinoa eta, pare bat hile baino gitxiagoren faltan, egitarauari azken ikutuak emoten dabiz. 

Kartela sortzeko, Rebeka Arcek fikzinozko bandera batzuk asmau ditu, ez-lekuak irudikatzeko. Artisteak azaldu dauenez, iragatea, ziurbakotasuna eta espazioaren eta denporearen arteko desorientazinoa ez-lekuen bandera infinituen sistema baten ikusizko narratiban islatu behar ziran. Horretarako, programazino eta diseinu generatiboko lengoaiak erabili doguz. Tokion bizi dan Jannis Maroschek diseinatzaileagaz lankidetzan ibili da Arce.

Disziplina ugaritan ibilitakoa da Rebeka Arce, adibidez, arte zuzendaritzan, markagintzan, ikusizko identidadeen sorkuntzan eta ikus-entzunezkoetan. Bilbon eta Berlinen ikerkuntzan ibili eta gero, 2013tik  bere estudioa gidatzen dau, Berlinen eta Madrilen artean. Kulturearen, arteen, teknologiaren, modearen eta entretenimenduaren sektoreko bezeroak ditu.

Bere lanari esker sari asko irabazi ditu: ADG Laus, LA Fashion Film Festival, Vimeo Staff Pcik eta Selected sariak, besteak beste. AIGA Eye on Design, Victionary, Computer Arts, Fubiz, Ètapes, Neo2, Creative Boom edo PAGE Magazine liburu eta plataformetan argitaratu deutsez lanak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu