Gorbeia Suzien bueltan da
2021-09-23 13:18 KirolaIrailaren 26an egingo da lasterketearen zortzigarren edizinoa.
COVID-19ak eragindako osasun egoerearen ondorioz igaz ezin izan zan Gorbeia Suzien mendi lasterketea egin eta urtebeteko etenaldia indarbarrituta bueltetako erabili dabe atontzaileek. International Skyrunning Federation-ek (ISF) atontzen dauen Skyrunner World Series munduko txapelketako probea eta Salomon-en Golden Trail National Series zirkuiturako puntuagarria izango da.
Danetara, 800 korrikalarik parte hartuko dabe atondutako lasterketa bietan: Lehenengoa, goizeko 10:00tan hasiko da eta aitatu zirkuitu bietarako baliogarria izango da: 31 kilometroko ibilbidea egin beharko dabe munduko hainbat lekutatik etorritako 600 korrikalariek.
Luzera laburragoa dauen 21 kilometroko lasterketeak beste 200 bat korrikalari batuko ditu goizeko 11:30etik aurrera.
Nabarmentzekoa da aurtengo parte-hartzaileen zerrendea igazkoa bera dala, izan be, antolakuntza taldeak aitatu zerrendea errespetetako erabagia hartu eban pandemia sasoiak bertan behera itxitako askoren erronkeari eutsiz.
Ibilbideak
Gorbeia Suzien lasterketea Zeanuriko herrigunean hasiko da eta San Justoko ermitan gora joango da Gorbeiako parke naturalean. Aldatz gogorrak ditu hasieran eta horreek gaindituta, Zanburura heldu eta Lekandako tontorrera abiatuko da ahalik eta biderik zuzen eta bizkorrena hartuz. Gain harritsu horreetara heldu orduko, ezkerretara eginda, Arrabako zelai berdeetarantz joko dau. Arraba osteko gailurretik Zastegiko eremura helduko da eta hortik abiatuko da Gorbeiako tontorrera. Ondoren, Azero ingurura bajauko da, bertatik, azken igoera pikoari helduko deutsolarik. Han izango dau zain Aldamin. Amaitzeko, beherantz ekingo deutse Zeanuriko helmugara heldu arte, tartean igoera labur pare bati aurre egin ondoren.
Beste urte batez Gorbeiako Parke Naturala zeharkatzen dauen ibilbideaz gozau ahal izango dabe korrikolariek: 31 kilometroan 2.400 metroko desnibela..
21 kilometroko lasterketeak, barriz, 1.200 metroko desnibel positiboa izango dau eta hau be herrigunean hasiko da.
Parte-hartzaileak
Danetara, 800 korrikalarik hartuko dabe parte proba bietan, tartean, nazinoartean lehiatzen diran hainbat lasterkari ezagun: Oihana Kortazar, Oihana Azkorbebeitia, Dragomir Denisa, Virginia Perez, Andrea Garay, Rosana Buchauer, Pere Rullan, Zaid Ait Malek, Asier Larruzea, Ben Kimtai, Cristóbal Adell...
Zuzenean
Gorbeia Suzien lasterketea zuzenean jarraitu ahal izango da telebistaz ETB1-ek egingo dauen saioaren bitartez.
Horrezaz gan, streaming bidez be jarraitu ahal izango da lasterketea Gorbeia Suzienen Youtubeko kanalean, Facebook-en eta eitb.eus-en.
Babesleak
Zeanuriko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritzea, Salomon, Euskaltel, EiTB, Energiaren Euskal Erakundea, Zapiain, Eusko Label, Sponser.
Horrez gainera, deskantsu barik lanean dabizen eta ibiliko diran 250 boluntarioen lana azpimarratu behar da. Euren ahalegin, indar eta kemena lasterketearen ezinbesteko osogaia da.
Egitaraua
- Irailaren 24a, barikua
19:00etan Igorreko Kultur Aretoan, Corriendo por la vida filmaren proiekzinoa eta ondoren Juan Dual-en berbaldia.
- Irailaren 25a, zapatua
11:00etan, umeen lasterketarako izen-emotea.
12:00etan, Umeen lasterketearen urtekerea.
13:00ean, Herri Kirolak umeentzat.
17:00etatik 20:00etara, dorsal banaketea.
18:00etan, Briefing-a. Berbaldi teknikoa.
19:00etan, Tio Teronen Semeak djantza ikuskizuna.
- Irailaren 26a, domekea
08:00etatik-9:30era Gorbeia Suzien lasterketearen dorsal banaketea.
09:30ean, SKYRACE Korrikalarien material ikuskapena.
09:45ean, SKYRACE Korrikalari guztiak urtekeran.
10:00etan, SKYRACE Lasterketearen urtekerea.
11:00etan, 21K Korrikalarien material ikuskapena.
11:15ean, 21K Korrikalari guztiak urteeran.
11:30ean, 21K Lasterketearen urtekerea.
15:00etan, sariak emoteko ekitaldia.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!