Bidaideak Bilbo BSR, 2021eko Ibiltaria Saria

Bizkaie! 2021-09-22 12:57   Kirola

Mugak gainditzeko ahalegina, Bilbogaz dauen konpromisoa eta Nilofar Bayat igeslariari egin deutsan harrereagaitik saritu dabe.

Bidaideak Bilbo BSR klubeko kideak eta Alfonso Gil zinegotzia (argazkia: Bilboko Udala) | Ikusi handiago | Argazki originala

Mobikortasunaren Europar Astearen barruan, Bilboko Udalak Bidaideak Bilbo BSR kluba saritu dau, Ibiltaria Saria emonda. 2020-21 denporaldian Espainiako Ligea irabazi dau errobera-aulkiko saskibaloian, baina, horrezaz gan, taldeak zabaltzen dituan baloreak autortu nahi izan deutsaz Udalak. 

Txema Alonso Bidaideak Bilboko presidentea eta jokalari batzuk egon dira Bilboko udaletxeko Arabiar Aretoan egindako ekitaldian. Han, harrerea egin deutse Udaleko ordezkariek, Alfonso Gil zinegotzia buru. Ahalegina eginda dana lortu leiteke, adierazo dau Gilek, eta horren erakusgarririk garbiena Bidaideak dala. 

Kluba eredugarri bihurtu daben baloreen artean, hiru nabarmendu ditu Udalak: Mugak gainditzeko ahalegina, Bilbogaz dauen konpromisoa eta Nilofar Bayat igeslariari egin deutsan harrerea. Azken hori Afganistango selekzinoko jokalaria da, baina talibanek agintea hartu ebenean alde egin eban herrialdetik, eta Bidaideak Bilbori esker lortu dau babesa urian.

Nilofar Bayat bera Ibiltaria Saria emoteko ekitaldian izan da. Alfonso Gil zinegotziak ondoetorria egin deutso: Gaur Nilofar Bayat Arabiar Areto honetan gugaz izateak uri honek daukazan balioak erakusten ditu; BSR taldeak jakin dau balio horreek bete-betean gauzatzen, Nilofar Bayat gure artean bizi ahal izan dadin.

Txema Alonso klubeko presidenteak eskerrak emon deutsaz Udalari sariagaitik, eta urian oztopo arkitektonikoak ezabatzeko azkenaldiko ahalegina be nabarmendu dau. Agiri-agirikoa da Bilboko herritar guztientzat zelan, apurka-apurka, urigintzazko eta arkitekturazko oztopoak ezabatzen dabizan.

Batez be, garraio publikoan egindako aurrerapenak hartu ditu gogoan Alonsok: Bilboko garraio publikoak, 30 urtean, irisgarritasunean 0 eskaintza izatetik % 100 izatera pasau da. Oraindino bada egitekorik arlo horretan, jakina; baina gu, izatez, eraldaketa sustatzen dogun eragile bat gara, salaketetatik zein lankidetzatik abiatuta.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu