Arratiako parajeetara bueltauko da Gorbeia Suzien

Bizkaie! 2021-09-21 10:17   Kirola

Domekan, hilak 26, jokatuko da 31 kilometroko lasterketa nagusia.

Lasterketea Gorbeialdeko paraje ikusgarrietan, aurreko edizino baten (argazkia: Gorbeia Suzien/SalernoPhoto.fr) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zeanuriko herriak urteko ekitaldirik garrantzitsuenetako bat berreskuratu dau, bertoko eta kanpoko kirolari entzutetsuak ekarriko dituan mendi lasterketea, Gorbeia Suzien. Covid-19aren pandemiagaitik igaz ezin izan eben antolatu, baina urteroko hitzorduari helduko deutse aurten. Barikutik domekara, mendiagaz eta kirolagaz lotutako ekitaldiak egingo ditue Arratian.

Domekea, irailaren 26a, izango da Gorbeia Suzienen egun nagusia. Orduan egingo dabe 31 kilometroko lasterketa ezaguna, baita 21 kilometroko laburragoa be. Ohiko moduan, Gorbeiako Parke Naturaleko paraje ederretan gora eta behera ibiliko dira parte-hartzaileak: ibilbide luzean Gorbeia eta Aldamin igongo ditue, Bizkaiko tontorrik altuenak, eta danetara 2.400 metroko desnibel positiboa egongo da. Ibilbide laburra be, hamar kilometro gitxiago izan arren, gogorra izango da, 1.200 metroko desnibela, eta Egiriñaon punturik altuena. 

Skyrunners World Series eta Golden Trail National Series zirkuituetarako puntuagarria izango da Gorbeia Suzien. 800 korrikalari inguruk hartuko dabe parte, gehienek ibilbide luzean. Besteak beste, Oihana Kortazar eta Oihane Azkorbebeitia egongo dira Zeanuriko abiapuntuan, Euskal Selekzinoaren ordezkari. Atzerriko espezialista bikainak be ez dira faltauko, aurten gatxagoa izan dan arren bidaiatzeko baimenak lortzea. 

Zeanurin eta Arratia osoan eragin sakona izaten dauen hitzordua da Gorbeia Suzien. Aurten be, pandemiari aurre egiteko neurriak hartuko diran arren, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izango da; esate baterako, lasterketearen antolakuntzan 200 boluntario inguru dabiz. 

Kirolagaz batera kulturea bultzatzeko asmoz antolatu ditue irailaren 24tik 26ra bitarteko ekitaldiak. Barikuan, Igorreko Kultur Etxean (19:00), Juan Dual korrikalariaren Corriendo por la vida ikus-entzunezkoa ikusi ahal izango da, eta berbaldia egongo da ostean.  

Zapatuan, goizez umeen lasterketak egingo ditue, eta, ondoren, herri kiroletan ibili ahal izango dira gaztetxuak. Arratsaldean, lasterketa nagusiko dorsalak banatu eta gero, berbaldi teknikoa antolatu dabe. Tio Teronen Semeak taldearen emonaldiak biribilduko dau iluntzea Zeanurin.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu