Asier Altunaren "Hondalea: amildegia itsasoan" lana estreinauko dabe gaur

Bizkaie! 2021-09-21 09:14   Zinemea

Euskal Zinemearen Galea gaur Donostiako Zinemaldian.

Gaur, irailak 21, Asier Altunak (Bergara, Gipuzkoa, 1969) zuzendutako Hondalea: amildegia itsasoan ez-fikzinoko filma estreinauko dabe, Euskal Zinemearen Galan, Cristina Iglesias artisteak Donostiako Santa Klara ugarterako sortutako obrearen nondik norakoak jorratzen ditu.

Altunak Amama (Irizar saria, 2015) pelikuleagaz Sail Ofizialeean lehiatu ondoren eta Agur Etxebeste! (2019) lako beste lan batzuk aurkeztu ostean, igaz, Culinary Zinema saila inaugurau eban ez-fikzinoko beste film bategaz: Arzak Since 1897.

Donostiako Nazinoarteko Zinemaldiaren edizino honetan, euskal zinemeari berariaz eskainitako sailak, hain zuzen be, besteak beste EITBren babesa duen Zinemirak, fikzinoko eta ez-fikzinoko hamaika lan eskaintzen ditu aurten eta horreetako zazpik, Zinemaldian mundu mailako estreinaldia izateagaitik, Euskal Zinemearen Irizar Saria irabazteko hautagai izango dira, Zinemaldiko beste atal batzuetan dagozan beste lan bigaz batera eta, beraz, bederatzi film lehiatuko dira eta 20.000 euroko saria emongo deutse filmaren produktoreari edo produktoreei.

Horreen artean ondorengo lanak dagoz: Asier Altunaren Hondalea: amildegia itsasoan ez-fikzinoko filma, Iciar Bollainen Maixabel filma, Blanca Portillo eta Luis Tosar protagonista dituana eta Maixabel Lasaren bizipenetak oinarri dituena, izan be, ETAk 2000. urtean hildako Juan Maria Jauregiren alarguna da.

Era berean, ondorengo lanok be saria irabazteko aukerea dabe: No somos nada (Javier Corcuera), La Polla Records taldearen agur-biran filmautakoa; Aztarnak (Maru Solares), umezaroko aztarnei buruzkoa; eta Bolante baten historia (Iñaki Alforja eta Iban Toledo), Jose Miguel Etxeberria Alvarez Naparra desagertu zaneko eta haren familiak haren gorpuaren bila emondako 40 urteri buruzko ikerketea oinarri dauena.

Lehiaketarako lanen zerrendan ondoko filmak dagoz: Iker Elorrietaren El radioaficionado, autismoa dauen gazte bati buruzkoa; Xabier Erkiziaren O Gemer, idi-gurdien soinu bitxian inspirautako film-esperimentala; Maider Oleagaren Kuartk Valley, Araban filmautako western bati buruzkoa; eta Pandemic Tour 2020 Belako, Hernan Zinek Mungiako musika-taldearen biran egindakoa, pandemia betean.

Bestalde, Kimuak programearen ibilbideari Zinemira Saria emongo deutse. Euskal Zinemearen Galan erakutsiko dan kartel barria Udane Juaristi (Azkoitia, 1985) margolari gipuzkoarrak sortu dau.

Hain zuzen be, 17 euskal produkzino (13 film luze, film labur bat, telesail bat, produkzino fasean dagoan film bat eta proiektu bat) Donostiako 69. Zinemaldiaren programazinoaren parte dira. Sail Ofizialak, Zabaltegi-Tabakalerak, Zinemireak, Euskal Zinemea eta EITB galek, WIP Europak eta Ikusmira Barriak-ek osotzen dabe egitaraua.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu