Pablo Agüeroren 'Akelarre' saritu dau EZAEk

Bizkaie! 2021-09-21 12:37   Zinemea

Filmak euskal zinemagintzeari egin deutsan ekarpenagaitik aukeratu dabe.

Euskal Autonomia Erkidegoko zinema-aretoak batzen dituan EZAE alkarteak bere urteroko saria emon dau gaur, martitzena, Donostiako Zinemaldiaren barruan egindako ekitaldian. Oraingo honetan, Pablo Agüerok zuzendutako Akelarre filma saritu dau alkarteak, euskal industria zinematografikoari egin deutsan ekarpenagaitik

2015ean hasi zan EZAE sariok emoten, euskal zinemagintzan nabarmendu diran filmei autortzea egiteko asmoz. Orain arte, euskerazko zein gaztelaniazko pelikulak aukeratu ditue; esate baterako, lehenengo saritua Loreak izan zan, 2015ean, eta hurrengo urtean Amama. Handia, Dantza eta La trinchera infinita izan dira beste filmak. 2018ko edizinoa diferentea izan zan, Juanba Berasategi zinemagileari hil osteko omenaldia egin eutsen eta. 

Honenbestez, EZAE Sarien zazpigarren edizinoa da aurtengoa. 2020ak euskal pelikula bikainak ekarri zituala adierazo dau EZAEko presidente Alfonso Benegasek, baina bat aukeratu beharrean izan diranez, Agüeroren lanaren alde egin dabe, zinema-aretoetan saldu dituan sarrera guztiakaitik eta nazinoartean be aintzatespen ugari batu ditualako.

Ekitaldia aprobetxau dau Benegasek pandemiaren sasoian aretoen alde egin daben banatzaileei eskerrak emoteko. Eskerrik asko une latz honetan laguntzeagaitik. Ez dogu ahaztuko.

EZAEko ordezkariagaz batera, Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinos eta Eusko Jaurlaritzako Aitziber Atorrasagasti egon dira saria emoteko ekitaldian. 2020ko euskal produkzinoen kalidadea gogoan hartu dau Atorrasagastik, eta Covid-19aren sasoian horrenbeste film estreinau izana sektorearen indarraren erakusle dala be aitatu dau.

José Luis Rebordinosek, bestetik, Zinemaldiak aretoakaz dauen konpromisoa ekarri dau gogora, batez be momentu gatx honeetan. Urte osoan zinemea ikusten jarraitzera animau dau publikoa. 

EZAE Saria jasoteagaitik eskertuta agertu dira Akelarre-ko produktoreak, Koldo Zuazua eta Iker Ganuza. Ikusleen babesari esker, filma fenomeno bat izatera heldu dala aitatu dabe, erreferentzia zinematografiko bat pandemia sasoian

Igazko Zinemaldiko Sail Ofizialean aurkeztu eben Akelarre, eta nazinoartean errekonozimendu eta sari ugari batu ditu. Aretoetan milazak ikusle izan ditu: azken datuen arabera, Espainian 50.000 lagun baino gehiagok ikusi dabe, eta Frantzian 30.000 inguruk. Momentu baten, Netflix plataformako film ikusienen artean hirugarrena izan zan.

XVII. mendearen hasikerako sorgin-ehizetara eroango gaitu Akelarre-k, Pablo Agüeroren bosgarren film luzeak. 1609a da, eta agintariek Rostegui epailea bialdu dabe Euskal Herrira, ingurua kontrolpean hartu deian, emakumeen kontrako errepresinoaren bidez. Sorginak izatea leporatuta, hainbat andra atxilotuko ditu, horreetako bat Amaia protagonistea.

Aktore nagusiak Amaia Aberasturi eta Alex Brendemühl dira, Amaiarena eta epailearena egiten, hurranez hurran. Beste aktore batzuk Garazi Urkola, Irati Saez de Urabain, Jone Laspiur, Lorea Ibarra, Yune Nogueiras, Daniel Fanego eta Asier Oruesagasti dira. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu