Iñigo Llopis zoriondu dau Eusko Jaurlaritzeak, Tokioko zidarragaitik

Bizkaie! 2021-09-10 08:29   Kirola

Bingen Zupiria sailburuagaz batzartu da ugerlari donostiarra.

Iñigo Llopis eta Bingen Zupiria (argazkiak: Irekia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Zidarrezko domina bat eta hiru diploma ekarri ditu Iñigo Llopis ugerlariak Tokioko Joko Paralinpiarretatik. Basque Team Fundazinoaren egitasmoan dabizan kirolari paralinpiarren artean, emoitzarik oparoena izan dau donostiarrak 2021eko edizinoan. 

Lorpen bikain horreek dirala eta, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburua Llopisegaz batu da, Eusko Jaurlaritzearen izenean. Tokioko parte-hartze oparoagaitik zoriondu dau Zupiriak. Donostian kazetarien aurrean be agertu dira biak, eta Llopisek zidarrezko dominea erakutsi dau. 

S8 kategoriako lepo estiloko 100 metrokoan eskuratu eban Llopisek zidarrezko dominea. Eskertuta agertu da, erakunde publikoen eta gizartearen errekonozimenduagaitik. Ugerlari donostiarraren arabera, kirol paralinpikoak gero eta hurrago dagoz kirol olinpikoek izaten daben oihartzunetik, gizartea pixkanaka badoa kontuan hartzen paralinpiarren ahaleginak.

Hurrengo helburua garbi dau Llopisek, ze datorren urtean Munduko Txapelketea jokatuko da Portugalgo Madeira ugarteetan, eta prestakuntzeari ekin behar deutso. Jakina, 2024ko Parisko Joko Paralinpiarrak be buruan daukaz dagoeneko.

Euskal kirolari paralinpiko guztiek Tokion egindako lana be txalotu dau Bingen Zupiriak. Euskal Autonomia Erkidegoko kirolariek, Basque Teamekoek, zidarrezko domina bat (Llopisena) eta hamaika diploma olinpiko irabazi dituela azaldu dau sailburuak. 

Basque Team Fundazinoaren konpromisoa azpimarratu dau, gure kirolariek nazinoartean lehiatu eta oihartzuna izan deien egiten dauen lana autortuz. 

Basque Team: diplomak Tokioko Paralinpiar Jokoetan

- Asier Garcia, David Mouriz eta Agurtzane Egiluz, saskibaloian.

- Rakel Mateo, triatloian.

- Higinio Rivero, paracanoean.

- Nahia Zudaire eta Iñigo Llopis, uger egiten.

- Iker Sastre, mahai tenisean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu