Munduko Sokatira Txapelketeak 580 kirolari ekarriko ditu Getxora

Bizkaie! 2021-09-09 13:48   Kirola

Irailaren 16tik 19ra izango da lehiaketea, Faduran.

Euskal Herrian ikusi ahal izango doguz munduko sokatiralaririk onenak hurrengo egunetan, Getxon egingo dalako Lur Ganeko Munduko Sokatira Txapelketea, Nazinoarteko Federazinoak (TWIF) antolatua, erakundearen 60. urteurrenagaz bat eginez. TWIFeko ordezkari Maaike Hornsta Getxon izan da, lehiaketearen nondik norakoak azaltzeko.

Erakunde publikoetako ordezkariak be izan dira agerraldian: Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburu Bingen Zupiria, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputadu Lorea Bilbao eta Getxoko alkate Amaia Agirre. Parte hartu dau, ganera, Igor Duñabeitiak, Euskal Herriko Herri Kirol Federazinoko presidenteak.

Pandemia sasoian egiten dan lehenengo munduko txapelketea izango da Getxokoa, sokatiran. Dana dala, hitzordu honi be eragin deutso Covid-19ak, ze, hasikera baten, 2020ko irailean zan egitekoa, eta, momentu haretan osasun egoerea larria zanez, urtebete atzeratu behar izan eben.

Kontuak kontu, irailaren 16tik 19ra, munduko 16 herrialdetako ordezkariak batuko dira Getxon, Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan, gizon eta emakume, klub zein selekzinoetan banatuta, baita pisuaren arabera be. Besteak beste, Ingalaterra, Suitza, Txina Taipei, Alemania, Hego Afrika eta Herbehereak dagoz zerrendan, sokatiran tradizino handia daben herrialdeak.

Euskal selekzinoa be Munduko Txapelketan izango da (Basque Country izenagaz), sokatirea dalako Euskal Herria modu ofizialean onartzen dauen kiroletako bat. Zortzi kategoriatan lehiatuko dira euskal tiralariak eta 2018ko Lurmutur Uriko (Hego Afrika) Munduko Txapelketako lan bikaina errepetidu nahi dabe, orduan zazpi domina irabazi zituen eta.

Neurri bereziak

Danetara, 580 kirolari lehiatuko dira Getxon, 50 epaileren begiradapean. Selekzinoez gan, 39 klubetako 73 taldek be hartuko dabe parte. Guzti-guztien segurtasuna eta osasuna babesteko, antolatzaileek neurri zorrotzak hartuko ditue, Euskal Federazinoko Igor Duñabeitiak azaldu dauenez. PCR probak, taldekako burbuilak eta protokolo bereziak aurreikusi ditue.

Publikoak be pandemiaren ondoriozko murrizketak igarriko dtu. Harmailetan gehienez 500 lagun sartu ahal izango dira aldi berean, eta sarrerak aurretiaz eskuratu behar dira, 5 euroan. Hilaren 12ra arte dagoz salgai, hemen.

Amaia Agirre alkatea pozik agertu da Munduko Txapelketea Getxora helduko dalako, dana ondo antolatzea erronka ikaragarria dala onartu arren. Getxo kirola intensidade handiz bizi dauen herria da. Uste dogu bisitea egingo deuskuen kirolariak etxean lez sentiduko dirala.

Getxoren nortasunagaz eta helburu estrategikoakaz bat datorren hitzordua da sokatira txapelketea, Agirreren ustez: nortasuna galdu barik munduagaz konektetan dauen udalerri bat; kirola, jarduera fisikoa eta ohitura osasungarrien sustapena guztiontzako balioa eta ondoizatea sortzeko estrategian txertatzen dituan herri bat.

Lorea Bilbaok nabarmendu dau, munduaren aurrean Euskal Herriak bere nortasunagaz lehiatzeko aukerea izango dauela: Gure tradizinoan sustrai sakonak daukaz herri kirol honek, eta gainera beste kirol askok eskaintzen ez deuskuena eskaintzen deusku, klub modura eta herri modura mundu zabalean agertzea, garena erakutsiz, kirolari moduan zein kirol ikuskizunen antolatzaile moduan.

Sokatirearen baloreak txalotu ditu Bizkaiko Kultura diputaduak, ahaleginari, sakrifizioari, errespetuari, talde-lanari, laguntasunari eta joko garbiari lotutako kirola dalako.

Euskal tiralariak punta-puntako lehian ikusteaz gan, Bingen Zupiria sailburuak gomutau eragin dau antolakuntzearen aldetik be nazinoartean agertzeko aukerea dala txapelketea. Erronka bat izan da mundu mailako txapelketa bat gurean hartzea, bizi dogun osasun egoerearen erdian gainera, baina gai izan garela eta garela erakutsi deutsagu munduari.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu