Jean-Paul Belmondo aktorea hil da
2021-09-07 08:11 ZinemeaNouvelle vague sasoiko zuzendaririk ospetsuenen aginduetara behar egin eban.
Frantziako zinemagintzearen ikonoetako bat izan zan luzaroan Jean-Paul Belmondo, publikoaren kuttuna eta film arrakastatsuetan giltzarri. Maitale aseezinaren, pikaro lotsabakoaren zein gizon modernoaren azalean ikusi genduan. 88 urtegaz hil da, bere etxean.
Bigarren Mundu Gerrearen ostean Europan jaio zan zinemagintza modernoan parte hartu eban Belmondok, eraldatze hori bultzatu eben zuzendari eta gidoilarien aginduetara. Frantzian, Nouvelle vague mobimendua eragin eban modernidadearen bila hasitako sormen-bidaia horrek. Belmondoren itxura eta jarrera modernoa aproposa zan estilo horretarako.
Nouvelle vague-ren barruan, zuzendaririk ezagunenen aginduetara behar egin eban Belmondok: Jean-Luc Godard, François Truffaut, Alain Resnais eta Claude Chabrol, besteak beste. Zinemagintzea modernidadera ekarri eben film ausartetan agertu zan, baina txarteldegietan dirua barra-barra batzeko egindako lanetan parte hartzeko be ez eban arazorik izan, publikoaren gustoko aktorea zalako.
Belmondoren pelikulen artean dagoz À bout de souffle (1960), Léon Morin (1963), Pierrot le fou (1965), La sirène du Mississippi (1969), Stavisky (1974) eta beste asko. 1989an Cesar Saria emon eutsen, baina uko egin eutsan. Veneziako Zinema Jaialdiak Ohorezko Urrezko Lehoia emonda egin eutsan gorazarre 2016an.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!