Asier Garciak eta David Mourizek diplomea irabazi dabe Tokion

Bizkaie! 2021-09-06 07:55   Kirola

Errubera gaineko saskibaloiaren txapelketan laugarren amaitu ondoren.

Podiumean barriro sartzea eben ames, baita urrezko dominea irabaztea be baina ezin izan dabe lortu. Bidean AEBetako eta Britainia Handiko kirolariak izan dira nagusi. Asier Garcia eta David Mouriz Basque Teameko bekadunen taldeak brontzezko domineari iges egiten itxi deutso Tokioko Paralinpiar Jokoetako
Errubera gaineko saskibaloiaren txapelketan eta ezin izan dabe podiuma zapaldu, Rio de Janeiron (2016) egin eben lez; han zidarra irabazi eben.

Britainia Handiaren kontra, Hanburgoko 2018ko Munduko txapeldunaren, 2019an Walbrzycheko (Polonia) Europako txapeldunaren, 2008ko Beijingeko Jokoetan eta 2016ko Rioko Jokoetan brontzezko dominadunaren kontrako partidua ez da erraza izan. Britainiarrek Japoniagaz galdu eben bigarren finalerdian baina AEBei irabazi deutsen bakarrak izan dira.

Ez gagoz pozik, urrearen bila gentozen eta azkenean metalik barik joango gara eta sensazioa txarra eta itsusia da. Hirugarren laurenean normalean baino huts gehiago egin ditugu eta badirudi partidak iges egin deuskula adierazo deutso David Mourizek Basque Teameko komunikazio taldeari. Partidu parekatua izan da atsedenaldira arte. Bigarren laurenean geure burua ondo ikusten genduan baina urduri ibili gara jokaldi errazetan eta horrek atsedenaldira puntu biko aldeagaz heltzea eragin dau eta gero, hirugarren laurenean, euren defentsa erritmoa handitu dabe, ez gara eroso egon. Partidua irabaztea merezidu izan dabela uste dot, esan dau Asier Garcia kapitainak.

Bien bitartean, Higinio Rivero piraguistak diplomea irabazi dau Tokioko Jokoetan seigarren amaituta. Bizkaitarrak dana emon dau oso estua izan dan parakanoeko VL2-200 metroko finalean.

Iñigo Llopisen zidarrezko dominea irabazi ondoren, Nahia Zudairek eta Iñigo Llopisek diploma bana eskuratu dabe Tokioko Aquatic Centren. Nahia laugarren izan da tximeleta erako 100 metrokoan eta Iñigo estilotako 4x100 metrokoan. 


Tokioko Jokoak 2020

Tokioko Paralinpiar Jokoetan 9 kirolari izan dira lehian eta emoitzak gogoan hartzekoak izan dira. Joan dira Tokioko Jokoak! Gure kirolari guztiak zoriondu nahi ditugu egindako lanagaitik. Orain Paris 2024k hartuko dau lekukoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu