'Heltzear' lana Venezian parte hartuko dauen euskerazko lehen film laburra da

Bizkaie! 2021-09-03 12:12   Zinemea

Heltzear filman Haizea Oses, Mikel Arruti eta Oier de Santiago dira protagonista.

Mikel Gurrea zinemagile donostiarraren Heltzear Veneziako Zinemaldiak bere historian eskainiko dauen euskerazko lehen film laburra da. Filma Orizzonti (Horizonteak) sailean dago.

Heltzear Irusoinek produzidu dau eta Haizea Oses, Mikel Arruti eta Oier de Santiago ditu protagonista. 2000. urteko Donostian girotutako fikzinoa da, euskal gatazkea oraindino indarrean dagoala. Sara, 15 urteko eskalatzailea, bere bizitzako igoerarik gatxenerako entrenetan dabil kanpoan dagoen anaiari gutun bat idazten deutson bitartean.

Euskal film hau Donostiako Zinemaldian be izango da Zabaltegi Tabakalera sailean baina ez da Euskal Zinemearen Irizar saria eskuratzeko lehiatuko, Donostiara heldu aurretik estreinau dabelako.

Mikel Gurrea (Donostia, 1985)

Ikus-entzunezko Komunikazinoan lizentziau zan Bartzelonako Pompeu Fabra Unibersidadean eta master bat ikasi eban London Film Schoolen. Zinemagilearen film laburrak Montreal World Film Festival jaialdian saritu ditue eta Londresko Queen Elizabeth Hall eta Madrilgo Fernando Fernán-Gómez zinemaldietan estreinau dira. Uda honetan, Suro bere lehen film luzea filmau dau, Irusoin, Lastor Media eta Malmo pictures etxeen lana, arraza gatazka eta xenofobia jorratzen dituana. Bere filmografian, Txoria (2013), Rojo en el agua (2010), Los gatos del tejado (2009) eta Primo (2008) be badagoz.

Heltzear Kimuak 2021 katalogoan sartu eben beste zazpi titulugaz batera. Irailaren 11n amaituko dan Veneziako Zinemaldian izan ostean, film laburrak Estaduko eta nazinoarteko jaialdien zirkuitua jarraituko dau, eta ingelesez Hold izango dau izenburu.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu