II. Labur Esanda lehiaketea antolatu dabe Durangon
2021-09-02 09:38 ZinemeaParte-hartzaileek 24 ordu izango ditue film laburrak egiteko, irailaren 10etik 11ra.
Bigarren aldiz antolatu dau Berbaro Euskera Alkarteak Labur Esanda izeneko lehiaketea, Durangon. 24 orduan egindako film laburren lehiaketea da, eta, arauen arabera, irailaren 10eko 16:00etan emongo deutse parte-hartzaileei landu beharreko gaia eta 11n ordu berean entregau beharko dabe pelikulea amaituta. Ondoren, bideoak proiektau eta sariak emongo ditue San Agustin Kulturgunean.
Nahi dauenak hartu leike parte eta izena emotea erraza da: laburesanda@berbaro.eus helbidera mezua idaztea baino ez da egin behar. Gero, hilaren 10ean 16:00etan San Agustinen egon beharko dira guztiak, gaia eta beste baldintza batzuk jakiteko.
Sortzaileentzat ez eze, zaleentzat be interesgarria da Berbaroren proposamena, San Agustineko proiekzinoan publikoa sartu ahal izango dalako. Irailaren 11ko 20:00etan hasiko dira gonibdapenak banatzen, San Agustinen bertan (saioa 22:00etan da).
Lehiaketearen irabazleari 300 euro emongo deutsaz Berbarok. Finalista bi be aukeratuko ditu epaimahaiak eta horreei 100 euro jagokez bakotxari.
Igaz egindako lehenengo edizinoan oso pozik geratu ziran Berbaroko kideak, sortzaileek ederto erantzun ebelako. Plateruena Kafe Antzokian egin zan, eta dozena bat lan aurkeztu ziran. Ikusi danak hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!