Mundubirea, bederatzi egun Euskal Herri itsastarra bizikletan deskubriduteko

Bizkaie! 2021-09-01 08:43   Kirola

Helburua da bizikletan gure lurraldearen itsas historia berreskuratzeko ibilbidea egitea.

Bederatzi egun bizikletan, 720 kilometroko bidea egiteko eta orain 500 urte, lehen mundu-bireagaz eta garaiko beste esplorazino-bidaia batzuekaz loturea izan eben Euskal Herri osoko hainbat herri lotzeko, itsasoari loturiko ondarea konpartiduten daben herriak. Elkano Fundazinoaren asmo barri honen helburua Euskal Herri itsastarra deskubridu, gure historiaren kontakizun hori berreskuratu eta gaur egungo gizartearen esku jartea da, bizikletea horretarako bitartekotzat hartuta. Ibilbidea Getarian hasi zan, lehen itsas birea egin ebann euskal marinelaren jaioterrian eta herri berean amaituko da irailaren 8an.

Euskal Herri barruko mundubirea Elkano Fundazinoaren ekimena da; Basquetour eta Gipuzkoako Foru Aldundia dira asmoaren babesle eta Orbea eta Vaude etxeak laguntzaile. Marka bi horreek bat egin dabe barriro Fundazinoaren proiektu bategaz eta bizikletak eta beharrezko ekipamendua jarri ditue egitasmoa gauzatu ahal izateko.

Partaideek iruditan jasoko dabe ibilbide osoa, dibulgazino-dokumental bat egiteko eta, horren bidez, ekimenaren emoitzen berri eta gure lurraldearen itsas historiaren barri emoteko. Bestalde, Ander Izagirre idazle eta partaideak bidaia-liburu batean jasoko dau esperientzia, bidaiaren kronika eta kontakizun historikoa buztartuz.

Itsas kontakizun bat, bederatzi etapatan

Ekimeneko partaideek zeharkatuko dituen lekuak oso loturik dagoz gure herriaren itsas historiagaz: Ontzigile, bidaiaren antolatzaile eta marinel, euskaldunen presentzia oso nabarmena izan zan Lurraren lehen itsas birea egin eben espedizino haretan, eta bestela be, Euskal Herriak esku-hartze garrantzitsua izan eban itsas esplorazino-bidaien historian, ontzigintzan garaiko potentzia handienetakoa baitzan.

Getariako Udaletxeko plazan ekin eutsen ibibideari eta Gipuzkoako udalerri horretako kaleak zeharkatu ondoren, Mundaka alderantz jo eben taldekideek eta han amaitu eben lehen etapea, Zumaia eta Deba (Gipuzkoa) eta Ondarroa, Lekeitio, Ispaster eta Ea (Bizkaia) atzean itxi ondoren.

Datorren irailaren 8ra arte, Euskal Herri barruko mundubira taldeko kideek hainbat herri eta paraje zeharkatuko ditue, besteak beste, Bermeo, Bakio, Gorliz, Plentzia, Barrika, Sopela, Getxo eta Bilbo, Bizkaian; Amurrio, Gesaltza-Añana, Gasteiz, Ozaeta eta Zalduondo, Araban; Altsasu, Betelu, Lekunberri, Irurtzun, Iruñea, Huarte, Zubiri, Erro, Aurizberri eta Orbaizeta, Nafarroan; Ezterenzubi, Donibane Garazi, Itsasu, Ezpeleta, Uztaritze, Baiona, Barra, Biarritz, Donibane Lohizune eta Hendaia, Ipar Euskal Herrian; eta Zegama, Segura, Legazpi, Zumarraga, Ormaiztegi, Beasain, Ordizia, Tolosa, Hondarribia, Pasai Donibane, Pasai San Pedro, Donostia, Orio eta Zarautz, Gipuzkoako etapetan.

Gogoetarako gunea

Ibilbide pilotu bat sortzea da asmo nagusia, kirolaren bidez gure historiagaz lotuko gaituen bide bat eta, horregaz batera, Euskal Herriko txirrindulari-bideen artean errotzea. Baina horrezaz gan, proiektuak badau beste helburu bat, izan be, ibilian-ibilian, partaideek gogoetarako zenbait gune bideratuko ditue, lehen itsas bireagaz loturea daben gaur egungo gaiei buruz eztabaidatzeko eta hausnartzeko, ez baita ahaztu behar globalizazinoaren hasierako mugarrietako bat izan zala aitatu itsas bidaia. Horretarako, ibilbideko hainbat lekutan, partaideek alkarrizketak izango ditue jakintzearen hainbat arlotako adituakaz eta hainbat esperientzia eta ekarpen batuko ditue, taldearen dinamikea aberasteko.

Elkano Fundazinoak antolatutako beste proiektuak –Magallanes Espedizinoa / Elkano Getaria-Sevilla (2020) edota Getaria-Sevilla (2019) bela zeharkaldia– egokiera ezin hobea izan dira itsas bireak ekarri dituan ondorioei buruz gogoeta kolektiboa egiteko eta bizikleta-ibilbide hau aukera parebakoa izango da hausnarketa-prozesu horri bultzadea eta jarraipena emoteko. 500 urteotan jazotakoari begirada kritikoa egitea da asmoa, historiatik ikasi ahal izateko eta, aldi berean, begirada edegi bat, etorkizuna irudikatu ahal izateko.

Euskal Herri barruko mundubirearen aurkezpenean izan dira Iker Goiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Turismo zuzendaria; Daniel Solana, Basquetour Euskal Turismo Agentziako zuzendaria; Ion Irurzun, Elkano Fundazinoko zuzendaria eta ibilbide-pilotu hau osotuko daben taldeko kideak: Ane Miren Miralles, Naila Jornet, Garbiñe Mendizabal, Ander Izagirre, Iosu Iztueta eta Ion Irurzun bera.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu