'Ilargi guztiak' saritu dabe Montrealgo Fantasia Jaialdian
2021-08-31 08:55 ZinemeaZuzendari eta argazki zuzendari onenen sariak irabazi ditu Igor Legarretaren filmak.
Ipar Amerikan fantasiazko zinemagintzearen alorrean erreferentea da Montrealgo Fantasiazko Nazinoarteko Film Jaialdia, eta aurten lehenengoz lehiatu da euskeraz egindako film bat, Igor Legarretak zuzendutako Ilargi guztiak. Epaimahaiaren gustokoa izan da bizkaitarraren lana antza danez, sari garrantzitsu bi emon deutsez eta.
Batetik, zuzendari onenaren Cheval Noir saria eskuratu dau Legarretak berak. Epaimahaiaren arabera, zehaztasun piktorikoz jakin dau bildur poetikoa adierazoten.
Bestetik, Imanol Nabea argazki zuzendariari aitamen berezia egin deutso epaimahaiak. Aditu baten pareko narrazino bisuala, argiztapen ederraren eta kamera-mobimendu iradokitzaileen bitartez lortua, berez bikaina dan artelan bateko atal nabarmena da, esan dabe ebazpenean.
1997an Alex de la Iglesia bilbotarraren El día de la bestia emon ebenetik, Montrealgo jaialdian parte hartzen dauen lehenengo euskal filma izan da Ilargi guztiak, eta jatorriz euskeraz egindako lehenengoa jaialdiaren historian, ikusleek gaztelaniazko bersinoa ikusi daben arren.
Ilargi guztiak Igor Legarreta bizkaitarraren (Leioa, 1973) bigarren film luzea da, fantasiazkoa. Banpiroen istorio bat da, baina ez bildurrezkoa. Gidoia Jon Sagalák idatzi dau. Betiko bizi dan ume bat da protagonistea, Haizea Carneros aktoreak gorpuztua. Aktoreen artean dagoz Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Lier Quesada, Zorion Eguileor eta Elena Uriz. Udabarrian estreinau eben Euskal Herriko areto komertzialetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!