'Nora' doban ikusi ahal izango dabe zornotzarrek

Bizkaie! 2021-08-30 08:43   Zinemea

Hamaika emonaldi berezi antolatu ditue Zornotza Aretoan, irailaren 10etik 20ra.

Zornotzako herriagaz lotutako filma da Nora, Lara Izagirre zuzendaria bertakoa izateaz gan eszena batzuk herrian grabauta dagozalako. Pelikulea irailean estreinauko dabela aprobetxauta, Amorebieta-Etxanoko Udalak dobako hamaika proiekzino antolatu ditu herrian, Zornotza Aretoan, zornotzarrek Lara Izagirreren bigarren film luzeaz gozau deien.

Irailaren 10etik 20ra, egunero emonaldi bat egongo da, 20:00etan. Sarrerak aurretiaz eskuratu behar dira, doban, Zelaieta Zentroko harreran edo Zornotza Aretoaren webgunean. Irailaren 3tik eskatu ahal izango dira gonbidapenak.

Ganera, proiekzino bakotxaren ostean, barriketaldia egongo da pelikulako kideen eta publikoaren artean. Egunaren arabera, saio horretan hartuko dabe parte Lara Izagirre zuzendariak, Ane Pikaza, Naiara Karmona eta Loli Astoreka aktoreek, Gaizka Borgeaud argazkilaritza zuzendari zornotzarrak eta Itxaso Espinal produkzino zuzendariak.

Nora filmean izen bereko neska gaztearen istorioa kontetan da. Nikolasegaz bizi da Nora, Argentinako aititagaz; eta, sarri, Meri lagunaren seme-alabak jagoten ditu. Aititaren heriotzeak eta haren Dyane 6 autoa herentzian jasoteak Nora bultzatzen dau Euskal Herritik bidaia egitera, aititaren errautsak amamaren ondoan ixteko. Bidaiak antolatzen ez dala abila konturatuko da, eta idazle izateko amesa atxakia bat dala aske izateko, hazteko, zauriak ixteko eta zoriontsu izateko.  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu