Bederatzi film lehiatuko dira Euskal Zinemearen Irizar Saria irabazteko

Bizkaie! 2021-08-26 13:16   Zinemea

Zinemira saria Kimuak programeari emongo deutso 69. Donostiako Zinemaldiak.

Zinemaldian euskal zinemagintzea bultzatzen daben erakundeetako ordezkariak, Donostian (argazkia: Donostiako Zinemaldia) | Ikusi handiago | Argazki originala

Hamazazpi euskal produkzino dagoz aurtengo Donostiako Zinemaldiaren egitarauan: hamahiru film luze, film labur bat, telesail bat, produkzino-fasean dagoan film bat eta proiektu bat. Sail Ofizialean, Zabaltegi-Tabakaleran, Zinemiran, Euskal Zinemearen eta EiTBren galetan, WIP Europan eta Ikusmira Berriak sailetan ikusi ahal izango dira.

Zinemaldiak berak eta Eusko Jaurlaritzeak antolatzen dabe urtero Zinemira atala, euskal zinemagintzearen nobedaderik barrienak aurkezteko asmoz, eta, aurten, hamaika lan erakutsiko ditue, fikzinozkoak zein ez-fikzinozkoak. Horreetatik zazpik Donostian egingo dabe erabateko estreinaldia, eta, beraz, Euskal Zinemearen Irizar Saria irabazteko hautagaiak dira. 

Iñaki Alforja eta Iban Toledo, Javier Corcuera, Iker Elorrieta, Xabier Erkizia, Maider Oleaga, Maru Solores eta Hernán Zin dira zazpi pelikula horreen zuzendariak. 

Irizar Sariko lehiakideak, danetara, bederatzi dira, izan be, Zinemirako zazpi filmei gehitu behar jakez beste atal batzuetan estreinauko diran bi: Asier Altunaren Hondalea, Cristina Iglesias artisteak Donostiako Santa Klara ugartean egindako ekintza artistikoaren ingurukoa; eta Iciar Bollaínen Maixabel, hau Sail Ofizialean.

Irizar Saria irabazten dauen filmaren produkzino-etxeari 20.000 euro emongo deutsez. Ganera, euskal zinemagintzea Donostiako Zinemaldian ordezkatuko daben filmak aurkezteko kartel barria izango dau aurrerantzean jaialdiak, Udane Juaristi artisteak egina. 

Zinemira Saria

Kimuak egitasmoari emongo deutso Zinemaldiak 2021eko Zinemira Saria. Euskal film laburrak hemen eta atzerrian zabaltzeko urtero bultzadea emoten dau urteroko katalogoaren bidez, eta, beraz, bertoko zinemagintzea sustatzeko ezinbesteko egitasmoa dala nabarmendu dabe Zinemaldiko arduradunek.

Euskal zinemagintzako sortzaile, egitasmo edo erakunde nabarmenei emoten jaken ohorezko saria da Zinemira, ibilbide osoari kontuan hartzen dauena. Aurreko urteetan honeek irabazi dabe: Imanol Uribek (2009), Álex Angulok (2010), Elías Querejetak (2011), Michel Gaztanbidek (2012), Juanba Berasategik (2013), Pedro Oleak (2014), Karmele Solerrek (2015), Ramón Bareak (2016), Julia Juanizek (2017), Ramón Agirrek (2018), Jose María Txepe Larak (2019) eta Sara Bilbatuak (2020).

Udane Juaristik egindako kartela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu