'Non dago Mikel?' eta 'Bizimina', Guadalajarako Zinema Jaialdian

Bizkaie! 2021-08-20 08:40   Zinemea

Sail Ofizialean lehiatuko dira film biak.

'Non dago Mikel?' | Ikusi handiago | Argazki originala

Euskal zinemagintzeak ordezkari bi izango ditu Mexikon urrian, Guadalajarako Nazinoarteko Zinema Jaialdiaren 36. edizinoan. Batetik, Non dago Mikel?, Miguel Ángel Llamasek eta Amaia Merinok zuzendutako lana, dokumental luzeen atalean lehiatuko da. Bestetik, dokumental laburren sailean ikusi ahal izango da Pablo Iraburu eta Migueltxo Molinaren Bizimina.

Iberoamerikako zinemagintzearen ordezkaritza zabala aukeratu eta Mexikoko publikoari erakustea da Guadalajarako jaialdiaren aurtengo edizinoko helburuetako bat. Asmo horri esker heldu dira Non dago Mikel? eta Bizimina ozeanoaren beste aldera. Urriaren 1etik 9ra egingo dabe jaialdia.

Mikel Zabalzaren desagerpena eta horrek gizartean eragindako erreakzinoa aztertzen dabe Miguel Ángel Llamasek eta Amaia Merinok Non dago Mikel? filmean. 1985ean atxilotu eben Zabalza, beste bost lagunegaz batera, eta Guardia Zibilaren Intxaurrondoko kuartelera eroan. Ez zan haren barri gehiagorik egon, 20 egun geroago bere gorpua Bidasoa ibaian agertu zan arte.

Gerora jakin izan danez, torturen ondorioz hil zan Zabalza, eta guardia zibilek hilotza desagerrarazo nahi izan eben. 1985eko azken asteetako irudiak eta lekukoen testigantzak dira dokumentalaren oinarria. Besteak beste, Ion Arretxeren berbak entzun leitekez, Zabalzagaz batera atxilotu eta torturau eben beste lagunetako batenak. 

Bizimina, ostera, zinemea eta jantzea buztartzen dituan dokumentala da. Pablo Iraburu eta Migueltxo Molina zinemagileakaz batera, Jon Maya jantzaria dago zuzendarien artean. Kukai taldea protagonista dala, jantzetan oinarritutako pieza laburrak alkarren atzean erakutsita, emozinoen inguruko koreografia osotzen dau filmak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu