D'Ortagnan eta mosketxakurrak euskeraz entzungo doguz zinema-aretoetan
2021-08-17 09:45 ZinemeaMarrazki bizidunetako filma abuztuaren 18an estreinauko dabe.
D'Artagnan eta hiru mosketarien abenturetan oinarritutako personaiak, D'Ortagnan eta mosketxakurrak, barriro datoz pantaila handira. Ganera, Hego Euskal Herriko zinema-areto batzuetan euskeraz ikusi ahal izango da marrazki bizidunetako filma eguaztenetik, abuztuaren 18tik. Ume eta familientzako beste aukera bat, beraz, aisialdia euskeraz gozetako.
Zineuskadik bultzatzen dauen Zinema Euskaraz egitasmoari esker heldu da pelikulearen euskal bersinoa gure aretoetara. Publiko gazteari zuzendutako film barriak, gehienbat marrazki bizidunetakoak, euskerara bikoiztu eta aretoetan banatzeaz arduratzen dira ekimen horretako arduradunak.
Kasu honetan, D'Ortagnan dogu protagonistea, Dumasek sortutako D'Artagnan heroian oinarritutako txakur abenturazale gaztea. Hiru mosketxakurrak lagun, gorabehera ugari bizi izango ditue istorio honetan, Richelieu kardinal gaiztoari aurre egin nahian.
Lagun ugari be topauko ditue bidean: Milady katu espioia, Pom sagua, Juliette... Rofy zaldi leiala ahaztu barik, D'Ortagnan estualdi batetik baino gehiagotik salbauko dauelako. Adiskidetasuna eta alkarri laguntzea ezinbestekoak izango dira mosketxakurren helburuak beteteko, ze euren leloak dino, bat guztientzat, guztiak batentzat.
Toni Garciak zuzendu dau marrazki bizidunetako film espainiar hau, Douglas Langdaleren gidoia erabilita. Alexandre Dumas idazle frantsesaren (1802-1870) nobelea dago istorioaren oinarrian.
D'Ortagnan eta hiru mosketxakurrak euskeraz proiektauko daben aretoak: Donostiako Principe, Errenteriako Niessen, Bilboko Golem Alhondiga, Bilboko Multicines 7, Gasteizko Gorbeia eta Iruñeko Golem La Morea.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!