'Ilargi guztiak', Montrealgo Fantasiazko Zinema Jaialdian
2021-08-10 09:35 ZinemeaAbuztuaren 19an eta 21ean proiektauko dabe Igor Legarretaren filma.
Fantasiazko zinemagintzearen arloan Ipar Amerikako jaialdirik garrantzitsuena da Quebeceko Montreal urikoa, eta 25. edizinoan euskal film batek hartuko dau parte. Igor Legarretak zuzendutako Ilargi guztiak Cheval noir atalaren barruan aurkeztuko deutse hango publikoari, abuztuaren 19ko eta 21eko proiekzino bikotxean.
Berez, abuztuaren 5etik martxan dago Montrealgo Fantasiazko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdia. Mundu guztiko film ugari erakusten dabiz, fantasiazko eta misteriozko zinemagintzeak azkenaldion emon dauen onena batzeko asmoz.
Abuztuaren 19ko proiekzinoa Montrealgo Cinéma Impérial aretoan egingo dabe, eta 21ekoa emonaldi birtuala izango da. Ilargi guztiak filmaren gaztelaniazko bersinoa eroan dabe Quebecera, ingelesezko azpitituluduna (Todas las lunas/All the Moons). Proiekzino bietan, She and the Darkness filma be emongo dabe Legarretaren lanagaz batera.
1997an Alex de la Iglesia bilbotarraren El día de la bestia emon ebenetik, Montrealgo jaialdian parte hartzen dauen lehenengo euskal filma da Ilargi guztiak. Jatorriz euskeraz egindako lehenengoa da jaialdiaren historian, ikusleek gaztelaniazko bersinoa ikusiko daben arren.
Ilargi guztiak, Igor Legarreta bizkaitarraren (Leioa, 1973) bigarren film luzea da, fantasiazkoa. Banpiroen istorio bat da, baina ez bildurrezkoa. Gidoia Jon Sagalák idatzi dau. Betiko bizi dan ume bat da protagonistea, Haizea Carneros aktoreak gorpuztua. Aktoreen artean dagoz Itziar Ituño, Josean Bengoetxea, Lier Quesada, Zorion Eguileor eta Elena Uriz. Udabarrian estreinau eben Euskal Herriko areto komertzialetan.
Montrealgo Fantasizko Zinemearen Nazinoarteko Jaialdiko arduradunen arabera, tradizino banpirikoaren printzipioak bikain erabilten ditu Legarretak. Bizitzea eta heriotzea, maitasuna eta bakardadea, debozinoa eta intolerantzia lantzen ditu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!