Hogei aditu Izaron dagoz, hegaztiak aztertzen
2021-08-03 12:10 Pil-pileanUgartetik pasetan diran txorien datuak batzen dabiz abuztuaren 5era arte.
Izaro ugartean ez da personarik bizi gaur egun, baina lau egunez hogei zientzialari ingururen bisitea dabe bertan. Migrazinoan doazala, hegazti askok Izaron egiten dabe geldialdia, eta datu ugari batzeko aukera aproposa dalakoan dagoz horreek adituak ugartean biziten, abuztuaren 2tik 5era, Aranzadi Zientzia Alkarteak eta Urdaibai Bird Center-ek bultzatuta.
Lau txandatan joango dira adituak Izarora. Hegaztiei eraztunak jarteko titulua daukan zientzialariak dira txanda guztietako buru. Lan boluntarioa dan arren, Izarora etorri diran adituen artean Euskal Herritik kanpoko asko dagoz.
Kantauri itsasertzean aitzindari dan proiektu hau 2018an jarri eben martxan Aranzadik eta Urdaibai Bird Center-ek, eta, beraz, aurtengo udakoa laugarren urtea dabe. Mediterraneo itsasoko ugarteetan aspalditik egiten dira antzeko egonaldiak, eta eredu izan dira Izarokoa martxan jarteko.
Lau eguneko egonaldian, adituek datu ugari batuko ditue hegazti espezie batzuen migrazinoen inguruan, batez be migrazino postnupziala dalakoetan arretea jarrita. Eraztunak ipiniko deutsez Izaron geldialdia egiten daben txori askori, hemendik aurrera egiten daben bidearen nondik norako zehatza izateko.
Oraingo honetan, espezie transahararrak aztertuko ditue. Hau da, Europan umatu eta gero, negua Afrika tropikalean pasetan daben hegaztiak.
Izarotik pasetan diran txoriak sare baten bidez atrapauko ditue. Protokolo zorrotza diseinau dabe, hegazti bakotxak ahalik eta denpora gitxien pasau deian zientzialarien eskuetan, migrazinoari berrekin baino lehen. Eraztunak ipinteaz gan, banako bakotxaren pisua eta tamainua neurtuko ditue, sexua eta edadea zehazteaz gan.
Hegaztien migrazinoak eta bizimodua aztertzeko eraztunak jarri eta jarraipena egiteko prozesuak eten bako ahalegina eskatzen dauela ohartazo dabe Aranzadiko adituek. Hori dala eta, garrantzitsua da Izaroko egonaldia lantzean behin egitea.
Izan be, txorien migrazinoak ikertzeko leku aproposa da Izaro, Oka ibaiaren itsasadarrean kokatua, Urdaibaiko Bisoferearen Ereserbearen barruan. Itsasotik peninsulara heltzen diran hegaztientzat lehorreko lehenengo geralekua da.
Argazkiak: Aranzadi Zientzia Alkartea.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!