Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren Lege-proiektua onetsi dau Gobernu Kontseiluak
2021-07-28 08:11 KirolaJarduera fisikoaren eta kirol-sektorearen oraingo preminei erantzutea da asmoa
Lege honek esparru juridiko barria emongo deutse jarduera fisikoari eta kirolari, Kirolaren 14/1998 Legea, bagilaren 11koa, hamarkada bi baino gehiago indarrean egon ondoren. Arrau barri honek islatu egingo ditu urteotan guztiotan jarduera fisikoak eta kirolak izan dituan aldaketak eta oraingo erronkei eta preminei erantzun deutse. Danetara, 15 titulu, 16 xedapen gehigarri, 4 xedapen iragankor, xedapen indarbakotzaile 1 eta 3 azken xedapen dira eta Gobernu Kontseiluak Euskadiko jarduera fisikoaren eta kirolaren Lege Aurreproiektua onetsi ondoren, Legebiltzarrari bialduko jako eztabaidatu eta onetsi deien.
Jarduera fisikoa eta kirola sustatzea; kirol inklusiboago bat lortzeko helburua; gobernantza onaren ereduak barruratzea; desbardintasunak errotik ataratea; emakumezko kirola sustatzea; kirol-erakundeetan organo paritarioak izateko betebeharra; obesidadearen eta sedentarismoaren kontrako burrukan eta bizi-ohitura osasungarriak sortzeko zereginean administrazino publikoek beteten daben rola argitzea eta kirol federatuaren egiturei dimensino barri bat emotea dira asmoak. Horretarako, Jarduera Fisikoaren Euskal Agentzia sortuko da, kirol-arloan eskumena dauen Herri Administrazinoko sailari atxikita eta helburua, besteak beste, jarduera fisikoa sustatzeko politikak zehaztu eta koordinetea izango da. Gainera, erronken artean, Euskadiko kirol zerbitzu publikoetan sartzeko kirol txartel bakarra bultzatzea egongo da.
Gobernu Kontseiluak onetsitako testuak jarduera fisikoaren eta kirolaren sustapena azpimarratzen dau, baita hainbat arlotan eskumena daben administrazinoek zeharka parte hartzeko preminea be, baita kirol-arloan, osasun-arloan eta hezkuntza-arloan be, besteak beste, sektore bati baino gehiagori jagokelako euskal gizarte aktiboago bat lortzeko erantzukizuna. Halan da be, lege barriak, jarduera fisikoa eta kirola sustatzeko, jarraitu egiten dau udalerria ardatz nagusitzat hartzen, herritarrakandik gertuen dagoan administrazinoa dalako, baita kirol-arloko ekipo, espazio eta zerbitzu gehienen titularra be.
Bestetik, legeak zeharka jasoten ditu genero-ikuspegia eta sexu/genero dibersidadea, arlo honetan politika publiko guztiak gidatu behar dituan printzipio legez, holan emongo baitira aurrera pausuak bardintasun benetako eta eraginkor baterantz jarduera fisikoaren eta kirolaren eremuan.
Testu berriak hainbat xedapen jasoten ditu, euskal kirol-sisteman gobernantza ona bermatzeko eta Euskadin atondutako kirol-erakundeak eta jarduerak honako printzipio honeetakoak gidatutakoak izan daitezen sustatzeko: kudeaketaren gardentasuna, eraginkortasuna eta efizientzia, partaidetza demokratikoa, benetako bardintasuna, inklusino soziala zein hizkuntza-normalizazinoa; helburu horreek Lege osoa hartzen dau eraginpean idea honetan oinarrituta: kirol-sistema baten mailea kirol-emoitzen arabera ez eze, bere gobernantza onaren kalidadearen arabera be neurtu behar da, dimensio soziala eta hezitzailea dauelako kirolak.
Legeak federazinoen hauteskunde-sistemea sinplifikau eta euskal federazinoen zein lurralde-federazinoen hauteskunde-prozesuak independenteak izango dira eta batzar orokorrak kirol-erakundeen ordezkariek baino ez ditue osotuko. Holan, lege berriari esker, klubak eta kirol-alkarteak kirol federatuaren erabagigune bihurtuko dira.
Lege berria indarrean sartzen danean, kirol-federazinoei be autortuko jake lehiaketen ustiapen ekonomikorako eskubideen titulartasuna.
Beste alde batetik, Lege Proiektuak estaldura juridikoa emoten deutse kirol-erakundeei, estatutuetan jasota ez badago, erabagiak aurrez aurreko bilerarik egin barik hartu ahal izan deiezan, hau da, baliabide elektronikoen bidez, COVID-19tik eratorritako larrialdi-egoera sanitarioaren ondorioz hartutako ezohiko neurriez harago.
Bestetik, testuak kirol-sistemea teknologia barrietara egokitzeko hainbat neurri gehigarri jasoten ditu, tramiteak eta betebeharrak sinplifikauta, besteak beste, federazinoen estatutuak aldizkari ofizialetan argitaratu beharrik izan barik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!