Ander Elosegi piraguisteak diplomea irabazi dau Tokioko Jokoetan

Bizkaie! 2021-07-27 08:05   Kirola

Lau Joko eta lau diploma, ez da marka makala.

Lau Jokotan lehiatu dan lehen euskal gizonezkoa da Ander Elosegi eta gaurko lorpenak ez dau asetuta itxi Irungoa. Basque Teameko piraguistea zortzigarren izan da finalean baina badakiela gehiago emoteko kapaz dala adierazo dau. Eguneko lehen jatsieran ukutu bat egin dau 11. atean baina horrek ez dau kikildu eta ikaragarri ondo jarraitu dau. Denporea, 103.15ekoa, itzela izan da nahiz eta egin dauen ukutuagaitik segundo biko zigorra jarri deutsen. Anderrek hirugarren postuan amaitu dau finalerdia eta horregaz batera domina aukerak inoiz baino hurrago egozala emoten eban.

Ordu eta erdi beranduago hasi da finala eta urduritasuna zan nagusi. Kontuan hartu behar da orain arte hiru diploma irabazita dituala Anderrek orain arte jokatutako beste hiru Jokoetan, tartean laugarren postu bi irabazita.

Seigarren ateko makila mobidu dau Anderrek eta hortik aurrera jatsierea zuzentzen saiatu dan arren, ez dau indar nahikorik izan abiadurea azkartzeko: Ez da kontzentrazino faltea izan baina beharbada zehaztasun faltea bai eta akats txikiak pilatu jataz jatsieran autortu deutso Tokiora joandako Basque Teameko komunikazino taldeari: Orain ez dot diplomea era positiboan baloretan baina uste dot etorkizunean, aurrerago, beste era batera ikusiko ditudala gauzak. Jatsiera ona egin ez izanaren peneagaz nago gaineratu dau. Sensazino gazi-gozoa geratu jat, nire burua goiko postuetan ikusten nebalako esan dau Munduko egungo txapeldunordeak.

Kontuak kontu, finala nahikoa gogorraizan da eta lehiakide gehienek denpora okerragoak egin ditue, finalerdiagaz konparauta, izan be, emoten eban Anderren denporeak, 106.59koak zazpigarren amaitzeko bestekoa izango zala baina azken txanpan Martin Thomas frantziarrak gainditu egin dau.

Orain Ander Elosegik deskantsua hartu eta irailean Bratislavan jokatuko daben Munduko txapelketan jarriko dau arretea.

Ander Elosegi (Irun, 1987-11-14)

Irunen jaio zan eta horregaitik erraza da ulertzea zergaitik aukeratu zituan kanoa eta kayaka. Nazinoarteko hainbat lehiaketetan parte hartu dau, Beijingo, Londreseko eta Rio de Janeiroko Jokoetan, besteak beste. Hiru olinpiar hitzorduetatik diploma bategaz bueltau da.

2008ko abuztuaren 12an, 20 urtegaz, Ander Elosegik 87.93 segundoko denporea ezarri eban Beijingo Olinpiar Jokoetako piraguismoko zirkuituan. Egindakoa (zigorrik egon ez balitx) zidarrezko dominea eskuratzeko moduko zan. Pena, azken atean akatsa egin ebalako eta laugarren amaitu eban azkenean.

Olinpiar ziklo bat geroago, 2012ko garagarrilaren 31n, Londreseko Jokoetako finalean sartu zan. Jatsiera ona egin arren, 14, 15 eta 16. ateetan egindako akatsak erabagiorrak izan ziran. Zirkuituko erdiko tartea okerrago egin eta hori traba handia izan zan podiuma zapaltzeko. Laugarren amaitu eban barriro.

2015eko iraileko Munduko txapelketan Rioko Jokoetan parte hartzeko txartela lortzea espero eban Anderrek baina ez eban suberterik izan eta Liptovskiko (Eslovakia) Europako txapelketan jokatu behar izan eban 2016ko maiatzean. Brontzezko dominea irabazi eta Brasilgo uriburuan bere parte-hartzea ziurtatu eban, bere hirugarren Jokoetan. Ander Riora joan zan baina beste behin domina barik geratu zan. Hitzordura sasoi onean joan zan, finalerako sailkatu eta finalerdietan denporarik onena eginda, Deodoroko Whitewater Stadiumean jokatutako finala ez zan ona izan irundarrarentzat: 1:41:27ko denpora egin eban baina lau akatsen erruz, zortzigarren postuan amaitu eban.

2019an, barriz, zidarrezko domina bi irabazi zituan Seu d´Urgelleko Munduko txapelketan, bat taldekako proban eta beste bat banakako lehian, Tokioko jokoetan lehiatzeko txartela emon eutsona.

Kontuak kontu, Elosegirentzat laugarren olinpiar Jokoak dira Japoniakoak, lau olinpiar Jokotan egongo dan lehen euskal gizonezkoa da Elosegi.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu