Claudia Llosa lehenengoz lehiatuko da Sail Ofizialean

Bizkaie! 2021-07-20 08:49   Zinemea

Alina Grigore, Zhang Ji eta Tea Lindeburg zinemagileen lehenengo lanak be Donostian erakutsiko ditue.

Laurent Cantet, Terence Davies, Lucile Hadzihalilovic, Claudia Llosa eta Claire Simon zinemagile ospetsuak lehiatuko dira Donostia Zinemaldiaren Sail Ofizialean. Gainera, 2021eko irailaren 17tik 25era bitartean izango dan aurtengo 69. edizinoan, Alina Grigorek, Zhang Jik eta Tea Lindeburgek lehenengo filmak aurkeztuko ditue eta Inés Barrionuevok laugarren lana erakutsiko dau.

Ressources humaines (1999) filmari esker Laurent Cantetek Zinemaldiko New Directors Saria irabazi eban eta ordutik hainbatetan parte hartu dau Perlak sailean: L’Emploi du temps lanagaz (2001), Vers le Sud (2005) zein Entre les murs (2008) pelikuleagaz, azken horri esker Urrezko Palmorria eskuratu eban Cannesen. Sail Ofizialean Foxfire (2012) filmagaz lehiatu ondoren –Katie Coseni antzezleak Emakumezko Aktore Onenaren Zidarrezko Maskorra irabazi eban–, Arthur Rambo filmagaz bueltauko da zinemagile frantsesa: Rabah Naït Oufella aktoreak idazle bat antzezten dau bertan, antxina sare sozialetan argitaratutako gorroto-mezuakaz eta ibili ondoren.

Terence Daviesi atzerabegirako bat eskaini jakon Zinemaldiaren 2008ko edizinoan eta hirugarren aldiz lehiatuko da Urrezko Maskorra eskuratzeko; aurretik, The Deep Blue Sea (2011) eta Sunset Song (2015) filmakaz parte hartu eban. Aurten, barriz, Benediction aurkeztuko dau eta biopic horretan, Jack Lowden eta Peter Capaldi aktoreek Siegfried Sassoon antzeztuko dabe bizitzaren momentu desbardinetan. Zinemagile britainiarraren filmografian pelikula garrantzitsuak agiri dira: Distant Voices, Still Lives (1988), Locarnoko Urrezko Lehoinabarra eskuratu ebana; The Long Day Closes (1992), Cannesen lehiatua; House of Mirth (2000) eta Of Time and the City (2008). A Quiet Passion (2016) lanagaz, Zabaltegi-Tabakaleran hautatu eben.

Lucile Hadzihalilovicek New Directors Saria eskuratu eban Innocence (2004) estreinako filmari esker eta, ondoren, sail horretako bertako epaimahaikide izan zan. Donostian aurkeztuak ditu La Bouche de Jean-Pierre film ertaina (Zabaltegi, 1996) eta De natura film laburra (Zabaltegi-Tabakalera, 2018). Evolution (2015) da zuzendariaren bigarren film luzea eta, haregaz, Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi eban Sail Ofizialean. Sail horretan bertan esku hartuko dau aurten Earwig obreagaz. Brian Catling idazlearen eleberriaren egokitzapen honek Alberten istorioa kontetan dau.

Horrezaz gan, Claudia Llosa lehenengoz lehiatuko da Sail Ofizialean Distancia de rescate / Fever Dream lanagaz (María Valverde, Dolores Fonzi, Germán Palacios eta Guillermo Pfening ditu antzezle-taldean). Aurretik, Berlingo Zinema Jaialdiko Urrezko Hartza irabazi eban La teta asustada-gaz (2009), ingelesez besteko Film Onenaren Oscar Sarirako hautagai izan zan Peruko lehenengo titulua. Handik urtebetera, Zinemaldiko epaimahaikide izan zan Madeinusa (2006) eta No llores, vuela (2014) filmak be zuzendu dituan zinemagilea. Oraingo honetan, bildurrei eta amaren maitasunaren indarrari buruzko kontakizun zorabiagarri eta hipnotikoa aurkeztuko dau. Gidoia Samanta Schweblin eleberri homonimoaren egileagaz batera idatzi dau.

Fikzinoko eta ez-fikzinzko lanetan gustora dabil Claire Simon eta, aurten, Vous ne désirez que moi / I Want to Talk about Duras lana aurkeztuko dau.Erresuma Batuan jaiotako zinemagile frantsesak lehenengoz parte hartuko dau Sail Ofizialean.

Bestalde, Ines Barrionuevok bere laugarren film luzeagaz parte hartuko dau lehiaketan: Camila saldrá esta noche lanean, protagonistea, neska gazte bat, Buenos Airesera joango da biziten, eskola pribatu tradizional batean sartuko da eta aldaketa horreei guztiei aurre egin beharko deutsee Berlinaleko Generation sailean estreinautako Atlantida (2014) filmagaz debuta egin ostean.

Hiru hasibarri

Zinemagile hasiberriak be izango dira Urrezko Maskorra eskuratzeko lehian: Alina Grigore aktore eta gidoigile errumaniarrak Crai nou / Blue Moon ekarriko dau Sail Ofizialera, emakume gazte baten dramea.

Lehenengo obrea aurkeztuko dauen bigarren zuzendaria Zhang Ji da. Orain artean, argazki-zuzendari lanak egin ditu baina errealizadore lez eginiko estreinaldian, Ping Yuan Shang De Mo Xi / Fire on the Plain aurkeztuko dau, Txinako Fentun urian giroturiko thrillerra.

Tea Lindeburg egilearen lehenengo film luzea, Du som er i himlen / As in Heaven, literatura danimarkarreko klasiko batean dago oinarrituta: 1912an Marie Bregendahl idazleak argitaratutako lan batean, hain zuzen. XIX. mendeko etxalde batean giroturiko kontakizun honetan, familia ugari bateko kideak bederatzigarren umearen zain dagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu