XVIII. Urdaibaiko Organoak - Jose Mari Eguileor Jaialdiak 11 kontzertu dakarz
2021-07-19 08:20 MusikeaKontzertu ziklo honi esker, Lumoko San Pedro eleizako organoa zaharbarritu dabe aurten.
Koronabirusa dela eta iazko jaialdia bertan behera itxi behar izan ondoren, Urremendi Landa Garapen Alkarteak organo jaialdia atondu dau eta 2021ekoa berezia izango da, izan be, jaialdiaren zuzendaritzeak aurtengo jaialdia covidagatik hildako persona guztiei eta igazko martitik birusaren kontra ibilitako persona guztiei eskaintzea erabagi dau.
Jaialdiak 11 kontzertu izango ditu garagarrilaren 17tik abuztuaren 15era, 7 udalerritan, Gernika-Lumon hasi eta ondoren Busturialdea-Urdaibai eskualdeko hainbat udalerritara joateko: Mundaka, Axpe-Busturia, Bermeo, Arratzu, Ibarrangelu eta Muruetara.
Gernika-Lumoko Euskal Herria Museoan Bizkaiko Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzearen, Maierren eta Arratzu, Bermeo, Busturia, Gernika-Lumo, Ibarrangelu, Murueta eta Mundakako udalerrien babesa dauen kontzertu-ziklo honen zehetasun guztiak aurkeztu ditue: Pandemiak eragindako trabak traba, jaialdiak edade nagusitasuna beteko dau aurten. 18 urteren ondoren, ilusinoz beteta jarraitzen dogu, hazten jarraitzen dogu, gure eskualdeko musika-ondareari eusten, berreskuratzen. Urtetik urtera, gero eta udalerri gehiagok parte hartu nahi dabe Europako organo-jaialdi garrantzitsuenetakoa dan honetan. Ia hamarkada bi joan dira et lan nekaezina izan da, urtetik urtera ikusle kopuruak nabarmen gora egin dau eta gainera, toki-administrazinoek estimu berezia deutse upealako balioa duen ondarea babestu eta konserbatzeagaitik, adierazo dau Aitziber Ansotegi Urremendi Landa Garapen Alkarteko gerenteak.
Joxe Benantzi Bilbao kontzertuen zikloaren koordinatzaileak jaialdiari esker egiten diran zaharbarritze lanen garrantzia azpimarratu dau: Urtez urte, Busturialdea-Urdaibaiko musika-tresnetako bat zaharbarritzea lortzen dogu eta hori oso garrantzitsua da ondarerako, izan be, kasu askotan, udalerri edo eleizok ez litzatekez kapaz izango, gaur egun, daben musika-tresnak lakoak eskuratzeko. Aurten plazer handiz ospatuko dogu Lumoko San Pedro eleizako organoaren zaharbarritzea.
Ekitaldiak sasoi guztietako errepertorioa erakutsiko dau, izan be, aukeratutako udalerriek sasoi guztietako instrumentuak aurkezten baititue. Axpe-Busturian XVIII. mendeko estilo klasikoko instrumentu bat dago eta Gernika-Lumon, Mundakan, Bermeon eta Ibarrangelun sei organo erromantiko oso berezi. Horri guztiari Arratzuko harmonium ederrak gehitu behar jakoz, bakarra Euskadin bere antxinatasunagaitik, 1850ean eregi ebelako eta Muruetakoa; eta gure ondareko organorik bitxi eta berezienetako bat, Ibarrangeluko organoa, bere harpa eta guzti.
Kontzertuen egutegia
Busturiako eta Mundakako udalek bina kontzertu eskainiko ditue baina pandemiak eragindako egoerea dala eta, bisita gidatuak bertan behera ixtea erabagi dabe, hurrengo edizinoetan berreskuratzeko asmoz. Nabarniz, Ereño eta Muxika udalerrietako organoak ez dagoz aurtengo edizinoan parte hartzeko egoeran eta, beraz, jaialdiak ikerketak egingo ditu instrumentuak zaharbarritzeko eta etorkizunean sartzeko.
Bestalde, azpimarratzekoa da 2021ean beste udalerri bat izango dala eta, beraz, beste instrumentu bat eta beste kontzertu bat: Murueta eta Andra Mariaren eleizako Harmonium ederra.
Kontzertuak:
Garagarrilak 17 (20:00), Gernika-Lumoko San Pedro eleizan: IÑIGO DE PEQUE.
Garagarrilak 24 (20:00), Mundakako Andra Mariaren eleizan: STEAFANO PELLINI.
Garagarrilak 25 (20:00), Gernika-Lumoko Mertzede parrokian: ANA BELÉN GARCÍA.
Uztailak 26 (20:00), Axpe-Busturiako Andra Mariaren eleizan: JOSÉ LUIS ECHECHIPÍA.
Garagarrilak 29 (20:30), Bermeoko San Frantzisko eleizan: ANTONIO MURA ETA UGO SPANU.
Garagarrilak 31 (20:00), Gernika-Lumoko Andra Mariaren eleizan: ATSUKO TAKANO.
Abuztuak 1 (20:00), Arratzuko Santo Tomasen eleizan: CARMINA SÁNCHEZ, VICTOR CRUZ ETA PABLO MÁRQUEZ.
Abuztuak 7 (20:00), Axpe-Busturiako Andra Mariaren eleizan: PEDRO ESTEVAN Y BENANTZI BILBAO.
Abuztuak 8 (20:00), Ibarrangeluko San Andres eleizan: ÁNGEL MONTERO.
Oharra
Abuztuak 14 (20:00), Muruetako Andra Mariaren eleizan: OLATZ SAITUA ETA BENANTZI BILBAO.
Abuztuak 15 (20:00), Mundakako Andra Mariaren eleizan: JAVIER ARTIGAS.
Ibnformazio gehiago hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!