Basque Team prest Tokioko Joko Olinpiko eta Paralinpikoetarako

Bizkaie! 2021-07-13 11:11   Kirola

Lehiatuko diran euskal kirolariei laguntzeko publizidade-kanpaineari ekingo deutso.

Kirolak Zoratzen Gaitu lelopean, garagarrilaren 23tik abuztuaren 8ra arteko Tokioko Joko Olinpiko eta Paralinpikoei aurre egiteko pasinoari aitamen egiten deutson kanpainea martxan jarriko dau Basque Teamek, goi mailako euskal kirola sustatzen dauen Fundazinoak. Telebistarako iragarkian eta irratirako tarteetan nabarmentzen danez, azken urte eta erdian bete-betean jo dau pandemiak eta hileotako larritasuna eta ziurbakotasuna eta gero, lehiatzeko, gozetako eta Munduaren aurrean agertzeko momentua heldu jake kirolariei.

Testuinguruak baldintzatuta, olinpiar zikloa inoiz baino luzeagoa eta gogorragoa izan da eta horregaitik, Basque Team Fundazinoak kirolariek egindako sakrifizioari balioa emon eta gizarteari dei egin deutso bat egiteko eta horreek animetako, hitzordu olinpikoak eta paralinpikoak ilusinoz jarraitzeko. Mueta honetako egitasmoakaz, ekinak diran hainbeste kirolari izatearen harrotasuna helarazo deutso Fundazinoak gizarteari.

Gainera, kanpaina mediatikoa indartu egingo da, 2016an Rio de Janeiroko Joko olinpikoak eta paralinpikoen haritik egin zan kanpo-publizidade kanpainearen antzeko beste kanpaina bategaz. Aurten be goi mailako euskal kirolarien espiritu olinpikoagaz jantziko dira hiru uriburuetako kaleak. EAEko hiru uriburuetako garraio publiko nagusiek beren-beregi sortutako irudi bat eroango dabe eta bertan jasoten danez, 2020an atzerapena izan arren, 2021ean kirolari olinpikoak eta paralinpikoak Tokiora joango dira. Holan, Bilboko metroaren eta tranbiaren linea bat, Donostiako Topoa eta bizikleta-karguak eta Gasteizko tranbia gure kirolariakaz jantziko dira ia jokoak amaitu arte.

Publizidade kanpaina honek Basque Team Fundazinoak oraintsu martxan jarritako Tokioko Jokoakaz lotutako komunikazino ekintzak osotzen ditu eta ekintza komunikatibo honeek guztiek Japoniako uriburutik Olinpiar Jokoen eta Paralinpiar Jokoen jarraipen mediatiko zuzenagaz zarratuko dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu