Basque Team-eko ipuin eta komikien bigarren atala prest
2021-07-06 12:53 KirolaTokiora bidean abentura ugari biziko ditue euskal kirolariek.
Basque Team Fundazinoko kirolarien jarduna gizarteratzeko asmoz argitaratzen ditue ipuin eta komikiak, protagonisten artean fantasiazko personaiak eta benetako kirolariak sartuta. Lehenengo atalean, Basque Team Zentroa aurkeztu eben eta, orain, kirolarien Tokiorako bidea erakutsiko deuskue bigarren atalean, Olinpiar eta Paralinpiar Jokoak hastear dagoz eta.
Maialen Chourraut eta Iñigo Peña piraguistak, Ane Santesteban txirrindularia, Asier García errubera-aulkiko saskibaloi jokalaria, Elena Loyo maratoilaria eta Lucas Eguibar snowboardlaria dira bigarren ataleko ipuin eta komikien protagonistak, Basque Teameko kirolari guztien izenean. Fault doktore maltzurraren asmoei aurre egin beharko deutse, Kattalinen laguntzinoagaz.
Izan be, Tokiorako bidaia amesgaizto bihurtu jake euskal kirolariei, Fault doktorearen planen erruz. Kirolean dituen trebetasunak bete-betean erabili beharko ditue mehatxuari aurre egin eta Olinpiar eta Paralinpiar Jokoetan parte hartzeko.
Paul Caballero ilustratzaileak eta Iker Arce Arechavala gidoilariak sortu dabe Basque Teamen bigarren abenturea, Tokiora bidean izenburupean. Lehenengo atalaren izena Basque Team eta ekaitz mekanikoa izan zan. Ipuina 5 eta 10 urte bitarteko umeentzat aproposa da, eta komikia 10 eta 14 urte artekoak gogoan egin dabe.
Fundazinoak martxan jarritako Baloreetan BAT proiektuaren ardatzetako bat da hezkuntzea. Neska-mutilen artean, profesionala ez dan eliteko kirolaren balioak zabaltzen ditue. Komiki eta ipuinez gan, bestelako materiala be plazaratzen dau Basque Teamek Baloreetan BAT egitasmoaren barruan.
Tokiora bidean komikia eta ipuina doban deskargau leitekez, euskeraz zein gaztelaniaz, Basque Teamen webgunean.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!