'Ander' filmaren gidoia bizkaieraz eta gaztelaniaz argitaratu dabe

Bizkaie! 2021-06-30 11:04   Zinemea

Roberto Castonen testua Arantza Etxebarriak egokitu dau.

Josean Bengoetxea eta Christian Esquivel, 'Ander' filmean | Ikusi handiago | Argazki originala

Zeresana emon eban Ander filmak 2009an, LGTBI gaiak modu edegian landu zituan euskerazko lehenengoa izan zalako. LGTBI Harrotasunaren Nazinoarteko Egunaren astea dala aprobetxauta, pelikulearen arduradunek Ander-en gidoiaren bersino elebiduna argitaratu dabe papelean. Amazon plataforman ipini dabe oraingoz. 

Euskerazko eta gaztelaniazko bersinoetan irakurri leiteke gidoia argitalpen barrian. Berezitasun bat dauka euskerazkoak, izan be, Bizkaiko euskera arautuan dago. Kontuan izan behar da filmeko alkarrizketa asko bizkaieraz dirala, eta hortik gidoia be euskalki horretan plazaratzeko erabagia.

Arantza Etxebarria itzultzailea arduratu zan Roberto Caston zuzendariak idatzitako gidoiko berbak euskeraz ipinteaz. Oraingo argitalpenean be, Etxebarriak egokitu ditu testu osoa idatzizko bizkaierara, eta gaztelaniazko itzulpena be egin dau. 

Hizkuntza bietan idatzitako gidoiaz gan, Roberto Castonen 40 ohar gehigarri dakarz liburuak. Fotogramas aldizkariko kritikari Carlos Louredak idatzi dau berbaurrea.

Baserri giroan kokatutako istorioa da Ander, gizon biren arteko maitasuna erakusten dauena. Josean Bengoetxea donostiarra eta Christian Esquivel perutarra dira aktore nagusiak, eta alkarrizketak euskeraz eta gaztelaniaz dagoz. Jaurlaritzearen Berdindu programeak lagundutako proiektua da. 

2009an Zinegoaken eta Berlinalen estreinau eben, Alemaniako jaialdi haretan proiektau zan lehenengo euskerazko filma. Ondoren, mundu zabalean ibilbide oparoa egin eban Ander-ek. 150 jaialditan erakutsi eben (Donostiako Zinemaldian, Montrealen, Punta del Esten, Sao Paulon, Marsellan...), eta 27 sari irabazi zituan. Europako, Asiako eta Amerikako areto komertzial batzuetan ikusi ahal izan zan, baina Euskal Herrian ez eban estreinaldi komertzialik izan. 

Filmin plataforman bersino birmasterizadua ipini eben ikusgai 2019an, estreinaldiaren 10. urteurrenagaitik, eta bide horretatik 15.000 lagun inguruk ikusi dabe. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu