Bertan behera itxi dabe 2021eko Dimetal Fest

Bizkaie! 2021-06-10 09:37   Musikea

Pandemiagaitik, antolatzaileek uste dabe ez dala jaialdia egiteko momentu aproposa.

Dimara eta Arratia osora metal musikearen zale ugari erakarten dituan hitzordurik ez dabe izango aurten, Dimetaleroak alkarteak erabagi dauelako VI. Dimetal Fest jaialdia bertan behera ixtea. Igaz be ezin izan zan egin.

2020an zein 2021ean, pandemiak eragindako oztopoak izan dira erabagiaren arrazoi nagusia. Antolatzaileek azaldu dabenez, egoerea hobera egiten dabil apurka-apurka, baina ez dabe uste oraindino baldintza egokiak dagozanik era horretako festibal bat antolatzeko. Ohar baten zera esan dabe, festibala betiko moduan egingo dogu, edo ez dogu egingo, ze edukierea txikitu edo kontrol neurri zorrotzagoak ezarri behar badoguz, kontuek ez dabe emongo

Dimetal Festek etena egingo dauela dinoe, noiz bueltauko dan zehaztu barik. Baina, zaleak lasaitzeko azaldu dabe jaialdiari berrekiteko asmoa dabela, osasun egoereak aukerea emoten dauenean. 

Aurtengo edizinoa irailaren 24an eta 25ean izan dira egitekoak, 2020an bertan behera itxitako edizinoko kartelari eutsita. Diman jo behar eben taldeen zerrendea ez da makala: Hira, Idi Bihotz, PiLT, Akelarre, Asgarth, Soziedad Alkoholika... Euskal musikearen izen mitikoak danak be. Gaur egungo taldeak be egon dira zerrendan, adibidez, Niña Coyote eta Chico Tornado. 

Sarrerak erosi dituen zaleei dirua bueltauko deutse, erosketea egin eben kanala erabilita. Dimetal lozorroan sartuko da orain, indar eta gogo barriagaz jagiteko asmoz. Bien bitartean, Dimetaleroak alkarteak lanean segiduko dau, oinarrian dituan balioak zabaltzeko ekitaldi eta jarduerak antolatzen. Euskerea, euskal kulturea, feminismoa eta metala dira horreek balioak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu