Bidegorriari esker, Bilbo eta Barakaldo bat eginda

Bizkaie! 2021-06-04 13:40   Kirola

1.766 metroko luzerea izango dauen azpiegiturea 2023an jarriko da martxan.

Zorrotza, Burtzeña eta Lutxana arteko bidegorri berri batek Bilboko eta Barakaldoko bizikleta-sareak lotuko ditu eta, era berean, bizikleta-konexinoa osotuko dau itsasadarraren ezkerralde osoan. Azpiegitura barria udal bien ekimenez egingo da, Aldundiaren babes ekonomikoari esker, izan be, Azpiegitura eta Lurralde Garapenerako Foru Sailak beregan hartu da 1.156.758 euroko inbersinoa eta Bilboko eta Barakaldoko udalak arduratuko dira lanak egiteaz eta bidegorria mantentzeaz eta kontserbeteaz.

Bidegorria udal-titulartasuneko errepideen plataformaren gainetik doa eta Bilbori jagokon zatian, Zorrotzako kiroldegiaren ondoan hasten da, Olabeaga-Zorrotza bizikleta-bideagaz bat egin eta N-634 errepidearen ondotik egiten dau aurrera. Cadagua ibaiaren gaineko zubia zeharkatu ondoren, Barakaldon sartzen da eta Zumalakarregi kalea zeharkatzen dau Burtzeña eta Lutxana auzoetatik, Serraltan Portugaleteko Dartsenako bizikleta-bideagaz bat egin arte.

Azpiegitura barriaren aurkezpenean, Amaia del Campo Barakaldoko alkateak gogorarazo dau Barakaldok 16 kilometroko bidegorria dauela eta laster ibilbide barri honen 1,43 kilometroak gehituko jakozala, Zumalakarregi etorbidetik Lutxanaraino: Horrezaz gan, Burtzeñako herritarrek egindako ekarpenak jasoten ditu bidegorriaren ibilbideak, diputaduari helarazoteko aukerea izan gendualako. Bidegorri barri honen bidez, Aldundiak ahalbidetuko dau Barakaldo mpbikortasun iraunkorraren erdigunea izatea eta, alde batetik, eskuinaldeagaz eta Bilbogaz lotzea, itsasadarraren gainetik egingo dan bizikletentzako eta oinezkoentzako zubiagaz; eta, bestetik, Bizkaiko uriburuagaz lotzea, Zorrotzan zehar. Beraz, proiektu hau ingurumena errespetetan dauen mobikortasunaren alde dago, garraiobide lez bizikletea aukeratzen daben personentzat segurua izateaz gan.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak adierazoi dauenez, holako proiektuek erakusten dabe bizikletea, garraiobide garbi, iraunkor eta osasuntsua izateaz gan, metropoliko mobikortasunaren egiturazko elementu lez bultzatu nahi dogula eta helburu horri begira lan egiten dogu. Orain hile batzuk, proiektua aurkeztu genduan itsasadarraren eskuinalderako, Getxo eta Bilbo artean; eta gaur, barriro batu gara, Bizkaiko Foru Aldundiko eta Barakaldoko Udaleko arduradunakaz, azpiegitura barri bati buruz berba egiteko, Ezkerraldeko bidegorrien sareak Zorrotza eta Lutxana artean lotuko ditun azpiegitura. Holako proiektuek batzen gaitue eta alkarregaz aurrera egiteko aukerea emoten dabe, ilusino handiz eta etorkizunari erreparauta, pandemiaren ondoren danok ikusi nahi dogun etorkizunari begira.

Imanol Pradales Azpiegitura eta Lurralde Antolamendurako foru-diputaduak nabarmendu dau oso garrantzitsua dala bizikleta-bideen sarea segurua izatea eta euren artean eta garraio publikoagaz ondo konektauta egotea. Diputaduaren esanetan, hori da Aldundiaren lan-jardueretako bat Bizkaian mobikortasuna aldatzeko, ondoko helburuak lortzeko: bizikletearen erabiltzaileen kopuruak gora egitea eta Bizkaian egunero egiten diran 8 kilometro baino gitxiagoko 687.000 joan-etorrien kopurua gitxitzea.

Ezaugarriak

1.766 metroko luzerea dau eta horreetatik 338 Bilboko udalerrian eta 1.428 Barakaldon dagoz.

Bizikleta-erreia motordun zirkulazinotik eta oinezkoen zirkulazinotik bereizita egongo da eta 0,3-0,5 metroko banaketa-bandea izango dau bizikleta-plataformearen eta errepidearen artean eta banda horren gainean elementu bereizleak jarriko dira.

Sekzino-tipoa hiru metroko zabalerakoa da, 2,5 metrora murriztu behar dana jarduketa-eremu txikiagoa daben zati jakin batzuetan. Gitxienez metro biko zabalerako oinezkoentzako espaloia bermatzen da bide osoan.

Ibilbidea

Proiektuak Zorrotzako kiroldegiaren ondoan hasten dan trazadurea zehazten dau, Clara Campoamor kalean Olabeaga-Zorrotza bidegorriagaz batzen dana, ondoren N-634 errepidearen plataformara sartzeko. Errepide horretan murriztu egiten da motordun ibilgailuentzako erreien kopurua: Barakaldoko noranzkoan errei bat jarriko da eta Bilborako noranzkoan egungo errei biei mantendu dira.

Bizikleta-erreia galtzadearen eskuinaldetik joango da Barakaldorantz, biribilgunetik igarotean eta Cadagua ibaiaren gaineko zubia zeharkatzean ez daiten gatazkarik sortu trafikoaren eta txirrindulariaren artean.

Barakaldora helduta, bidegorriak N-634 errepidearen plataformea itxi eta Zumalakarregi kaletik igaroten da, izan be, kale horretan egungo bi erreietatik batera murrizten da motordunen zirkulazinorako esparrua eta aparkaleku plazak eta oinezkoentzako espaloiak mantentzen dira. Bizikleta-bideak kale horretan zehar jarraitzen dau eta 500 metroko tarte batean galtzadearen ezkerraldera aldatzen da, autobus-geltoki bat, garajeetarako sarbideak eta kale-gurutzeak oztopatzea ebitetako. Serralta parkearen ondoan bidegorriak bat egiten dau Portugaleteko Dartsenako bizikleta-bideagaz.

Inbersinoa eta epeak

Bilboko udalerria zeharkatzen dauen zatia egiteko 241.726 euroko aurrekontua eta hiru hilebeteko epea dagoz. Barakaldoko zatiak 915.032 euroko aurrekontua eta zortzi hilebeteko epea dau lanak egiteko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu