Herritarrek kirol gehiago egiten dabe baina kalean, bakarrik edo familian
2021-06-03 12:27 KirolaHerritarren % 66k kirol jardueraren bat egiten dau.
Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeroaile Bingen Zupiriak eta Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondok Eusko Jaurlaritzako Azterketa Soziologikoen Kabineteak eginiko Jarduera Fisikoa eta kirola pandemia garaian ikerketearen ondorioak aurkeztu ditue gaur Bilbon. Azterketea egiteko 18 urtez gorako EAEko 1.000 laguni egin jake inkestea telefonoz apirilaren 13tik 15era bitartean.
Ondorio nagusien artean azpimarratzekoa da herritarrek kirolaren aurrean daben interesa handia dala eta batez be osasunean dituan onurak azpimarratzen dituela. Pandemiaren ondorioz herritarren % 29k onartzen dau lehen baino jarduera fisiko gehiago egiten dauela baina aldatu egin da kirola egiteko modua herritarren % 21arentzat eta orain kirol gehiago egiten da kalean, kirol instalazinoetatik kanpo. Horrek eragin zuzena dau kirol instalazino eta gimnasioen jardueran. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak martian kaleratu zituan 2020ko estadu-mailako eta/edo nazinoarteko lehiaketatan parte hartu eben kirol taldeek eta kirol instalazinoek edo gimnasioek Covid-19aren ondorioz izandako kalteak arintzea helburu daben 2021eko diru-laguntzinoak. Danetara, 206 klub eta kirol instalazino eta gimnasiok jasoko dabe laguntzea.
Euskadin, herritarren % 77k adierazo dabe kirolaren aurrean interes handia edo nahikoa dabela. Gainera, 0tik 10erako eskalan, euskal herritarrek kirola egiteko 7,2ko interesa dabe. Adierazleok apenas aldatu dira 2017tik, aurreko inkestea egin zanetik.
Beste alde batetik, eretxi orokorra da kirolak osasunean (% 79) eta umorean (% 74) dakarzan onurei jagokenez; gehiengoak uste dau kirolaren bidez balioak lantzen dirala (% 55).
2017an jazoten zanaren antzera, euskal herritarrentzat interesgarriena danontzako kirola da (% 53) eta eskola-kirolagaz batera, erakundeen babes handiena izan beharko leukena dala uste dabe baina izatez, herritarren ustez erakundeen babes handiena dauen kirol muetea kirol-ikuskizun profesionala da (% 66).
Kirol jarduerak
Herritarrak talde bitan banatuta dagoz: bizitza nahikoa edo oso aktiboa dabenak (% 54) eta bizitza ez oso aktiboa edo bape aktiboa ez dabenak (% 41). Pandemiaren aurreko egoereagaz alderatuta, % 29k dinoe orain ariketa gehiago egiten dabela, % 16k gitxiago eta % 54k lehen beste egiten dabela. Gainera, normalean, bere aisialdian biztanleriaren % 41ek baino ez dau egiten gura leuken jarduera fisiko guztia.
Edozelan be, biztanleriaren % 66k adierazo dau gitxienez kirol bat egiten dauela. Edadearen arabera, nagusienak dira kirola modu erregularragoan egiten dabenak eta kirolen bat egiten daben 65 urtetik gorako gehienek asteko egun guztietan egiten dabe (% 53); aldiz, gazte gehienek asteko egun batzuetan baino ez dabe egiten kirola, ez egunero, baina modu biziagoan. Kirola egiten dabenek, batez beste, 8,3 ordu egiten ditue astean.
Ibiltea da gehien egiten dan kirola (% 46), alde handiagaz gainera. Ondoren datoz, bigarren talde batean, mendian ibiltea (% 25), mendiko txirrindularitzea (% 24) eta gimnasioko jarduera fisikoa (% 23). Hirugarren mailan dagoz uger egitea (% 14) eta korrika egitea (% 12).
Kirola egiteko modu barriak
Herritarren % 21ek kirola egiteko modu barriren bat erabilten dabe edo erabili dabe, youtubeko kanalak, webguneak edo entrenatzaile personalak, batez be, gazteenen artean (% 37k 18-29 urtekoen artean). Era berean, kirola egiten dabenen % 40k teknologia barriko tresnaren bat erabilten dabe (erloju adimendunak, pulsometroak, GPSak...).
Pandemiaren eragina
Abonatu gitxiago dagoz kirol-instalazinoetan, batez be, kirol-instalazino edo gimnasio publikoetan (% 29); kirol-klubetan (% 15); eta, apur bat gitxiago kirol-instalazino eta gimnasio pribatuetan (% 12).
Oro har, kirol-muetak aire zabalean egiten diranak nabarmendu daitekez, leku zarratuetan egiten diranen kaltetan.
Gehiago egiten da kirola bakarrik (kirola egiten dabenen % 45) eta, batez be, familian (% 22).
Era berean, kirola gehiago egiten da modu librean, antolatu barik (% 87) eta aire zabalean ( % 72).
Pandemiak kirolaren ekosisteman izan dauen eragina Gaia erakundeak Kirolaren Euskal Eskolarako 2020an eginiko azterketa batean be atzemoten zan. Ikerketa horren arabera, pandemiak eragin handia izan dau Euskadiko kirol ekosistemeak sortzen dituan lanpostuetan.
COVID laguntzak
Pandemiak kirol jardueran eta kirolaren ekosisteman izan duen eragina nabarmena izanda Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak joan dan martiko 2020ko estadu-mailako eta/edo nazinoarteko lehiaketatan ibilitako kirol taldeek eta kirol instalazinoek edo gimnasioek Covid-19aren ondorioz izandako kalteak arintzeko helburua daben dirulaguntzak plazaratu zituan. 2020ko martiaren 14tik abenduaren 31era, behargin bat edo gehiago Aldi Baterako Enplegu-erregulazinoko Espedientean izatea ezinbesteko baldintzea izan da laguntzok jasoteko. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzeak 821.000 euro emongo ditu ezarritako baldintza guztiak beteteagaitik onartutako 206 eskaeraren artean.
Danetara, 118 kirol instalazinok eta gimnasiok 4.067 euroko laguntzea jasoko dabe; gainera, klubek egindako beste 88 eskaerek be batez beste 3.802 euroko laguntzea jasoko dabe pandemiaren ondorioak arintzeko.
Kirola edade txikikoetan
Edade txikikoen kirol jardueraz galdetuta, gurasoen eretxiz, 4-16 urteko seme-alaben jarduera fisikoa murriztu egin da: % 78k uste dabe seme-alabek bizitza aktiboa edo oso aktiboa eroiela pandemiaren aurretik eta pandemia sasoian % 58ra bajau da hori bera uste dabenen portzentajea.
Euskal Selekzioak
Azterketa Soziologikoen Kabineteak eginiko inkestan Euskal Selekzinoen inguruan be galdetu jake herritarrei: 10 personatik 7 baino gehiago Euskal Futbol Selekzinoak nazinoarteko txapelketa ofizialetan Euskadiren ordezkari jokatzearen alde dagoz ( % 74) eta nazinoarteko lehiaketa ofizialetan euskal kirol-selekzinoak egotearen aldekoak litzatekez (% 73 kirol guztietan eta % 7 kirol batzuetan).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!