Udako kultur-programazinoa dakar Bilboko Konparsak taldeak
2021-06-01 10:59 KirolaGora Txosnagane!
Bilboko Konparsak federazinoak oxigenoa eskainiko deutse bilbotarrei aurtengo udarako atondutako lehenengo ekimenean, bagilaren 12an egitekoa dan Gora Txosnagane!-n. Pandemiaren eraginez eta konfinamuenduetako nekearen ostean, jai-eragileak bizitzea, kirola, kulturea eta Bilboren zein komunidadearen aurreko konpromisoa eskainiko deutse herritarrei; esangura horretan, Txosnagane mendi-igoerearen IX. ekitaldiari ekingo deutse aurten be eta dagoeneko zabalik dago izena emoteko epea.
Atontzaileek azpimarratu dabenez, osasun-neurri zorrotzak beteko ditugu, Gora Txosnagane!-n, alkar-jagoletzea oinarri hartuta. Hori dala eta, bikotekako ibilaldi neurturako dobako izen-emotea Bilboko Konparsen webgunean egin beharko da, bagilaren 8ra arte edo lekuak amaitu arte. Mugea 150 bikote izango da eta bikoteak modu mailakatuan urtengo dabe, hainbat lekutatik: ibilbide luzea edo laburra hartuko dabe eta helmuga ezbardinetara helduko dira.
Txosnagane tontor umila da, mendizale bilbotarrek eta ingurukoek maite dabena: Biderdi, Ganetxiki eta Larrentxu izenakaz bere ezagutua, Pagasarri eta Ganekogorta artean dagoan mendia da eta 877 metroko altuerakoa da: Ibilaldi neurtua ondo pasetako eta naturaz gozetako ekitaldi ez lehiakorra da, konparsen arabera.
Ia urte oso bat pasau da Bilboko Konparsak kolektiboak azken aldiz modu analogikoan programau ebanetik eta gogotsu dagoz aurrez aurreko bidea berreskuratzeagaitik, beti be danon osasuna aurretik ipinita.
San Juan bezperarako be agindu dabe antzezpen indartsu batez gozau ahal izango dala eta abuztuaren amaierarako ezustekoak izango dirala aurreratu dabe.
Konparsak erakundeak aldarrikatu dau kulturea arnasgunea dala eta izakera kolektiboa ilusinoz eregiteko ezinbestekoa dala.
Emondako urte horretan, ekimenok atontzen eta barrura begirako hausnarketa sakon bati ekin deutse konparsek, Bilbo zertan aldatu dan atzemon eta jai herrikoien mobimentua indartzeko, bestelako herri-mobientuakaz alkarlana sustatu eta ehun-sarea zabaltzeko, besteak beste, konparsek lan egin dabe osasun publikoaren alde, kulturgileen alde, bizi baldintza eta pensino duinen alde, alkartasun-sareen alde eta Bolintxuren alde.
Gora Txosnagane!
Izen-emotea hemen. Izena emotea nahitaezkoa da eta bagilaren 8ra arte edo lekuak agortu arte egin daiteke hemen.
Ibilbide bi izango dira, ohikoko ibilbidea eta beste bat laburragoa: Ibilbide Laburra (13,6 km, goranzko desnibela 582 metro), ibilde laburra ez da Txosnaganera heltzen.
Ibilbide luzea (19,17 km, goranzko desnibela 967 metro).
Parte hartzeko erispideak
Izena emotea webgunearen bidez baino ez da egingo.
Izena emotean formularioko datu guztiak bete behar dira.
Bikoteka emon behar da izena eta ibilbide osoa bikoteka egin (kontrol postuetatik biek batera pasau behar dabe).
Parte-hartzaileen gehienezko kopurua 150 bikote izango da eta zerrendea beteten danean izen-emotea zarratuko da.
Urteerak
8:15 – 8:30 Ohiko ibilbidearen dokumentazinoa jasotea.
8:30 – 9:30 Ibilbide luzearen urteerak San Adrianetik. Azken urteerea gehien jota goizeko 9:30ean izango da. Urteeren aldizkakotasuna parte-hartzaile kopuruaren arabera zehaztuko da.
9:15 – 9:30 Ibilbide laburraren dokumentazinoa jasotea.
9:30 – 10:15 Ibilbide laburraren urteerak San Adrianetik. Azken urteerea gehien jota goizeko 10:15ean izango da. Urteeren aldizkakotasuna parte-hartzaile kopuruaren arabera zehaztuko da.
Helmugea: Enkarnazino Plazea (Atxuri). 14:30etan kontrola zarratuko da parte-hartzaile guztientzat.
14:45ean sari-banaketa.
Egunean bertan
Dokumentazinoa goizeko 8:15 – 8:30 tartean jaso ahal izango da ohiko ibilbiderako (ibilbide luzea) eta 9:15 – 9:30 ibilbide laburrerako, urteera lekuan.
Kontrol postu guztietatik pasau behar da. Anoa postuan heltzeko eta urtetako orduak hartuko dira, bertan egoten dan bitartean denporearen neurketea geldituko dalarik.
Anoa postuan oinarrizko botikina egongo da.
Iturri gitxi dago ibilbidean eta, beraz ez ahaztu ura eroatea. Bestetik, kontuan izan edozein mendi martxarako hartu beharreko gomendioak (eguzki kremea, txubaskeroa, erropa egokia...).
Bikote irabazlea izango da parte-hartzaile guztien bataz besteko denporara gehien hurreratzen dana.
Abimau zaiteze eta mendia errespetau!
Laguntzaileak: Atxuri gorri, Aixemendi, Kalderapeko eta BM.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!