Euskal zinemarik onena Bartzelonan ikusiko da egunotan

Bizkaie! 2021-05-28 08:32   Zinemea

XVI. ZinemaldiaCat, maiatzaren 28tik bagilaren 6ra.

Bartzelonako Euskal Etxeak, Etxepare Euskal Institutuagaz alkarlanean, ZinemaldiaCat jaialdiaren 2021eko edizinoa ipiniko dau martxan gaur, maiatzak 28, euskal zinemagintzeak azkenaldion emon dituan lan aitagarrienetako batzuk Kataluniako publikoari hurreratzeko asmoz. Aurten, bost dokumental eta fikzinozko film bi ikusi ahal izango dira bagilaren 6ra arteko programazino oparoan.

Euskal kultureak eta sorkuntzeak Katalunian jarraitzaile ugari dituen arren, Bartzelona eta inguruetako zirkuitu komertzialetan ez da bape erraza Euskal Herrian egindako pelikulak topetea. Hutsune hori beteteko antolatzen dabe urtero ZinemaldiaCat, eta aurten 16. edizinoa izango dau. 

Dokumentalen atalean, Lander Garroren 2 urte, 4 hilabete eta egun 1 proiektauko dabe, Ateneu L'Harmoniagaz lankidetzan. Derrigorrezko soldadutzearen kontrako burrukearen eta insumisinoaren lekukotza gordina emoten dau filmak. Zuzendaria Bartzelonan izango da, proiekzinoaren osteko barriketaldian parte hartzeko. 

Ione Atenea nafarraren Enero, zahartzaroaren erretratu intimoa da, laurogeitaka urteko emakume biren begiradatik. El Drogas, ostera, Enrique Villarreal El Drogas musikariaren inguruko dokumentala da, Natxo Leuzak egina. 

Bury Us! A Punk Rock Uprising kasu berezia da, Andrew Nethery zuzendaria amerikarra dalako, baina produktoreak Euskal Herrikoak diranez, ZinemaldiaCaten programazinoan sartu dabe. Hain zuzen be, proiekzinoaren osteko saioan izango dira zuzendaria eta produktorea, eta Sara Zozayak kontzertu labur bat emongo dau.

Hijos de Dios, Ekain Irigoienek zuzendua, aire zabalean proiektauko dabe, Casal del Pou de la Figuerak antolatutako jardunaldien barruan. 

Fikzinozko lan biak Lara Izagirreren Nora eta Imanol Rayoren Hil kanpaiak izango dira. Lehenengoa komedia femeninotzat aurkeztu dabe, eta personaiek inguruneagaz daben loturea aztertzen dau. Hil kanpaiak, ostera, landa giroko thrillerra da, Miren Gorrotxategik idatzitako 33 ezkil liburuan oinarritua. 

XVI. ZinemaldiaCat iragarteko kartela Igotz Ziarretak egin dau. Itziar Ituño aktore eta kantari bizkaitarra agiri da lehen planoan, gitarrea aldean, atzean baso lainotsu bat dauela. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu