Marwa Zein saudiarabiar zuzendariaren 'Khartoum offside' dokumentala, Bilbon
2021-05-25 08:32 ZinemeaX. Emakumezkoek egindako Zinema Jaialdia Euskal Abertzaletasunaren Museoan izango da aurten.
Amal Ramsis
Sabino Arana Fundazinoaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak, KCD (Kultura Komunikazinoa eta Garapena) euskal GGKEagaz batera, aurten Bilbon, maiatzaren 31tik bagilaren 4ra bitartean, X. Emakumeek egindako Zinema Jaialdiaren barruan ikusi ahal izango dan filmetako bat proiektauko dau Sabino Arana Fundazinoaren egoitzan: Marwa Zein saudiarabiar zuzendariaren Khartoum offside dokumentala eskainiko dabe; proiekzinoa bagilaren 2an, eguaztenean, izango da, 18:30etik aurrera. Ekitaldian egongo da Amal Ramsis emakume zuzendari egiptoarra eta Emakumeek egindako zinema jaialdiaren sortzailea. Ekitaldian zuzenean parte hartu gura izan ezkero, jakinarazo egin behar da nahitaez (94.405.64.50; idazkaritza@sabinoarana.eus).
Amal Ramsisek 2008an jarri eban martxan ekimena, Klaketa Árabe etxearen bitartez eta 2012tik aurrera Bilbon egiten da KCD GGKEren eskutik. Zinema jaialdi horren helburu nagusiabardintasuna bultzatzea da, kultura arabiarraren eta beste kultura batzuen arteko alkarguneak sortzea eta zinema soziala lantzen daben zuzendariak ikusarazotea.
Khartoum offside dokumentalak Khartum (Sudan) uriko emakume gazte batzuen istorioa jorratzen dau: emakume horreek futbol profesionalean jokatzeko erabagia hartu dabe, nahiz eta herrialdeko gobernu militar islamdarrak debekatu. Sudango emakumezkoen talde nazionaltzat hartu daian eginiko bidean, bildurra baztertu eta upealako indarra erakutsiko dabe.
Futbol Federazino Nazionalak FIFAren esentzia eta berezitasunak jasoko ditu emakumezkoen taldea sustatzeko, baina emakume gazteek baztertuta jarraituko dabe; halan da be, itxaropen-printza bat piztuko da Federazinoaren barruko hauteskundeek, beharbada, sistemea aldatzeko aukera txiki bat emoten dabenean.
Khartoum offside dokumentalak, besteak beste, honako sari honeek jaso ditu: Afrikako Zinema Akademiaren 2019ko film dokumental onenaren Saria; Kartagoko Zinema Jaialdiko 2019ko dokumental onenaren Saria; eta Zinema Afrikarraren Tarifako Jaialdiko (FCAT) dokumental onenaren saria.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!