Alex Txikon eta bere lantaldea etxean dagoz
2021-05-24 07:56 KirolaGiza laguntzinoa eroateko hegazkin batek ekarri ditu Nepaletik bueltan.
Alex Txikonen udabarri honetako helburua Everest oxigeno artifizial barik igotea izan da, baina Covid-19aren pandemiak bertan behera itxi ditu lemoarraren asmo guztiak. Pandemia Himalaiako oinarrizko kanpalekuetan zabaldu zanean, Katmandu uriburura bajau beharrean izan zan espedizinoa. Hainbat egunez itxaroten egon eta gero, etxera bueltau dira asteburuan, Katmandu eta Madril arteko hegaldi baten.
Giza laguntzinoa eroaten joan zan hegazkina Nepalera, eta Espainiako agintariek bueltako bidaia aprobetxau dabe mendizale ugari ekarteko. Tartean egon da Alex Txikon, eta beragaz espedizinoan joan diran Iñaki Makazaga kazetaria eta Sendoa Elejalde argazkilaria.
Aupa! Lur hartu barri. Dana ondo. Egun ona izan deizuela!, izan da Txikonen mezua sare sozialetan, Madrilera heldu danean, Lemoarako bidea hartu aurretik.
Katmandun pasau beharreko egunak ez dira gozoak izan Txikonen lantaldearentzat. Batetik, hoteletik mobidu ezinda egon dira, etxeratze aginduagaitik; bestetik, Nepaleko aire eremua itxita dagoanez, ezinegon handiz egon dira, etxera noiz eta zelan bueltauko ziran jakin barik.
Alex Txikonek berak buruko eta eztarriko mina izan ditu egunotan, baina PCR proben arabera ez dau Covid-19a pasau.
Iñaki Makazaga espedizinokideak kritika gogorrak egin deutsaz Nepalgo Gobernuari, interes ekonomikoak bizitzearen eta osasunaren ganetik ipinteagaitik. El Diario egunkariari egindako adierazpenetan aitatu dauenez, altuerako turistentzako negozioa da, mendizaleak izan zein ez. Agintariek Covid-19aren datuak izkutau dituela salatu dau.
Nepalgo bizimoduaren eta sherpen inguruko erreportajea egiteko asmoz batu zan Makazaga Txikonen espedizinora, Sendoa Elejalde argazkilariagaz batera. Goi mendiaren alderdirik onena eta txarrena ezagutu ahal izan ditu, eta, nahi baino lehenago bueltau behar izan dauen arren, lehen eskuko material baliotsua ekarri dau, baita motxila bete esperientzia be.
Jonatan Garcia be etxean
Jonatan Garcia alpinista barakaldarra be etxera bueltau da Katmandutik Madrilerako hegaldi horretan. Andorrako mendizale Stefi Troguetegaz batera Dhaulagiri (8.167 m) igoteko asmoz joan zan, baina espedizino hau be Covid-19ak eten dau. Troguet kutsatu egin zan Covid-19agaz, baina Jonathan Garcia ez.
Etxera heldu eta berehala (Benasquen bizi da, Aragoin), mendira jo dau barriro Jonatan Garciak, Dhaulagiriko esperientzia gazia ahazteko. Pirinioetako mendirik altuenera igon dau, Anetora (3.404 m).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!