‘VII. JazzEñe’, garagarrilaren 22tik 25era

Bizkaie! 2021-05-21 13:02   Musikea

Musikariek euren burua gure mugetatik kanpo promozionetea da asmoa.

Lau egunez, aitatu zortzi taldeak nazinoarteko jazz programatzaileen aurrean batu eta joko dabe euren burua gure mugetatik kanpo promozionetako asmoz.

SGAE Fundazinoaren nazinoarteko programatzaileentzako espainiar jazzaren zazpigarren erakustaldia Donostiako 56. Jazzaldiaren barruan txertatuko da.

Lau jardunalditan zehar, showcase formatuko 45 minutuko zortzi kontzertu hartuko ditu, hau da, gaur egun genero honetako talde garrantzitsuenetako batzuekaz: Ariel Bringez Quintet, Caminero Quintet, Chano Domínguez Trío, Daniel García Trío, Smack Dab, Sumrrá, Alba Careta Group eta Manolo y Curra.

Talde horreek guztiak aurkeztutako 252 eskabideetatik aukeratu dira eta SGAE Fundazinoak Iberoamerikako bazkideei zuzendutako deialdi orokor baten bidez jasotakoak ditugu. Jose Miguel Carmona SGAE Fundazinoko musika zuzendari instituzionala, Javier Estrella JazzEñeko zuzendaria, Miguel Martin Jazzaldiko zuzendaria, Jose Francisco Tapiz Tomajazzeko zuzendaria eta Lara Vizuete Jazzeñe 2018an parte hartu eban jazz abeslari eta egilea izan dira zortzi proposamen artistikoak aukeratu dituen batzordearen integratzaileak.

Bertan izango diren ikusleakaz batera, JazzEñe2021-ek Europako hainbat emanaldi eta festibaletako ordezkari eta jazz-sustatzaileak batuko ditu, danak SGAE Fundazinoak gonbidauta, Espainian generoak bizi dauen errealidadea ezagutu guran. Kontzertuen osogarri, talde parte-hartzaileek euren proposamenak nazinoarteko gonbidatuakaz azaldu eta eztabaidatzeko aukerea izango dabe.

Zortzi kontzertu lau egunetan

JazzEñe21ek 8 kontzertu eskainiko ditu eguerdiko 12:30ean hasiko diran 4 sesino bikotxetan, Victoria Eugenia Antzokian. Sarrerak salgai izango dira aurrerantzean.

Garagarrilaren 22an inaugurauko da erakustaldia, 12:30ean, Ariel Brínguez Quintet boskotearen eskutik, Nostalgia Cubana diskoaren aurkezpenagaz, hain zuzen be, 50eko hamarkadako Kubako soinu girora egindako bidaia, besteak beste, Bola de Nieve, José Antonio Mendez, Eliseo Grenet, Cachaíto López eta Juanito Márquez artista handiek landu izan zituen formei omenaldia egiteko. Ordubete geroago, bigarren saioan, Caminero Quinteten txandea izango da, jazza eta flamenkoa buztartzen dituan Pablo Martin Caminero buru dauen taldea. Azken lanagaz, Bost, JazzEñe2021en lurreratuko da, flamenkoaren haize tradizionalak barrikusiz, granaina, segiriya, buleria edo soleá lako erak buztartuz.

Hurrengo egunean, garagarrilaren 23an, Daniel García Tríok bere azken lana interpretauko dau: Travesuras. Daniel García Diego, Reinier El Negrón eta Michael Olivera jazz europarraren hirukote indartsu eta originalenetako bat dira. 14:30ean zarratuko dau Chano Domínguez Trioren zuzenekoak jardunaldia, Chumbulum diskoa aurkeztuz, sekula grabau bako konposizinoak berreskuratu eta konfinamenduan sortutako pieza originalak eskainiz. Horacio Fumero kontrabaxu argentinarrak osotzen dau hirukoa, askotan Tete Montoliu eta Gato Barbierigaz oholtzaratu dan berak, David Xirgu bateriagaz batera.

Beste alde batetik, Kataluniako jazz eszenako proiekturik sendoenetakoa da Smack Dab eta garagarrilaren 24an joko dau. Joan Casaresek, Oriol Vallesek, Lluc Casaresek, Jöel Gonzalezek eta Pau Salak osotutako boskoteak jazzaren tradizinoaren eta musika afroamerikarraren arteko ibilbideak barrikusteko gunea eregi dau, askatasunetik eta inprobisazino kolektibotik abiatuta.

Sumrrá hirukote galiziarraren proposamenak agurtuko dau eguna, 21 urteko ibilbidearen ostean, estudioko zazpigarren diskoa aurkeztuko dauena: Sumrrá 7 Visións.

Garagarrilaren 25ean, azken bi taldeak taularatuko dira: Alba Careta Group eta Javier Galiana eta María La Mónica bikotea, hau da, Manolo y Curra. Alba Careta Group Kataluniako jazz-eszenako talderik oparoenetako bat da.

Manolo y Curra, Javier Galiana pianistearen eta María “La Mónica” abeslari chiclanerearen arte eszenikoaren buztarketatik sortutako proiektua da.

JazzEñe

SGAE Fundazinoaren programa bat da, Espainian egiten dan jazza nazinoartean zabaltzeko, jazz-taldeek jaialdietan parte hartu deien sustatzeko, SGAEko bazkideentzako nazinoarteko birak sustatzeko eta sektoreko profesionalen arteko topaketak eta esperientzien zein ezagutzearen trukea bultzatzeko sortua.

2014an Madrilen ospatu zen lehen edizioaren ondoren, ekimenak Valentziara jo eban eta ordutik Zaragoza eta Malagatik be igaro da. Orain, zazpigarren edizinoan, Europako jaialdietako zuzendarien eta ikusleen aurrean Espainiako jazzaren errealidadea aurkeztuko dauen erakusketa hau Donostiako Jazzaldiaren testuingurura lekualdatu da lehen aldiz, izan be, goi mailako edizio parebako honek 56 edizino beteten ditu eta jazzaren gotorleku handienetako bat da gurean dagoeneko, baita Europan eta munduko gainerako hainbat lekutan be.

Urteotan, artista asko Europa osoko jaialdietan ibili dira SGAE Fundazinoaren Eñe programei esker: Chicuelo & Mezquida artistak, Zaragozatik Tokyo Jazz Festivalera egin eben salto. Era berean, SGAE Fundazinoak Antonio Lizana, Rycardo Moreno eta Pedro el Granaíno Eñe protagonistak aurkeztu zituan 2018an, Amsterdam eta Rotterdamen, Biënnale flamenkoaren Gau Zuria proiektuaren barruan. Aitamen berezia merezidu dau 2017an Nazinoarteko Amersfoort Jazzaldian (Herbehereak) parte hartu eben lau taldeak JazzEnetik pasautakoak izatea: Camerata Flamenco Project, Nono Garcia Trío, Alexey Leon Trío eta Marco Mezquida Solo.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu