'Ilargi guztiak' zinema-aretoetara helduko da gaur

Bizkaie! 2021-05-14 10:44   Zinemea

Misterioa eta fantasia buztartzen ditu Igor Legarretaren film barriak.

Haizea Carneros aktore gaztea, filmeko irudi baten | Ikusi handiago | Argazki originala

Ikusmina eragin dau Igor Legarretaren Ilargi guztiak filmak, euskerazko zinemagintzeak fantasiazko generoari egindako ekarpen barria dalako. Bilbon egunotan egiten dabizan FANT jaialdiaren inaugurazinoan erakutsi eben lehenengo aldiz, eta gaur, barikua, zinema-aretoetan estreinauko dabe. 

Azkenaldiko euskal zinemagintzearen jokera bati eutsita, XIX. mendeko giro lanbrotsuan kokatu dau istorioa Legarretak. Handia eta Errementari lez, Gerra Karlisten sasoiaren bueltako Euskal Herriko landa eremuan girotutako pelikulea da. Kasu honetan, betiko bizi diran izakiak, banpiroak... agertzen dira.

Andra misteriotsu batek umezurztegitik atera eta beragaz eroango dau neska gazte bat. Honek uste dau andreak salbau egin dauela, baina, benetan, betiko bizia emon deutso, biak alkarregaz egon daitezen beti. Egoera horrek eragindako min eta barruko gatazkei aurre egin beharko deutse neskeak, harik eta Candido izeneko gizon batek bere etxera eroaten dauen arte. 

Urterik urte, betiko ume baten gorputzean preso, protagonistea Candidoren laguntzinoagaz ahaleginduko da kondena horri bueltea emoten eta bere aurreko bizitzea berreskuratzen. Antxinako kondairak, euskal mitologia eta fantasiazko zinemagintzearen ohiko elementuak buztartzen dira kontakizunean. 

Itziar Ituño, Zorion Egileor, Haizea Carneros, Josean Bengoetxea, Lier Quesada eta Elena Uriz dira Igor Legarretak zuzendutako film honetako aktore nagusiak, eta Filmax banatzailearen bidez helduko da zinema-aretoetara. Hasiera baten, zezeilean ziran estreinaldia egitekoak, baina pandemiak pixka bat itxarotera behartu zituan. Orain bai, pantaila handian ikusi ahal izango dogu Ilargi guztiak

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu