Bilbo surfaren uriburu izango da maiatzaren 19tik 23ra
2021-05-13 09:56 ZinemeaItsasmuseumen egingo ditue Bilbao Surf Film Festival jaialdiko ekitaldi nagusiak.
Surfa ardatz daben pelikula eta ikus-entzunezkoen topaleku izango da Bilbo beste behin, maiatzaren 19an hasiko dalako 2021eko Bilbao Surf Film Festival jaialdia, Laboral Kutxa babesle nagusi dala. Bertoko eta kanpoko makina bat film lehiatuko dira hainbat kategoriatan. Proiekzinoak Itsasmuseumen izango dira, inaugurazino egunekoak izan ezik, saio hori Euskaldunan izango da.
Maiatzaren 23ra arte, egunero proiekzino bat edo gehiago izango ditue ikusleek aukeran, ordu diferenteetan. Saio bakotxean hiru edo lau film proiektauko ditue, batzuk luzeak eta beste batzuk laburrak. Esate baterako, lehenengo egunean, Euskalduna Jauregian honeek dagoz egitarauan: Vergüenza (G. Sánchez, 24'), Life of Kai, ep. 5 (S. Fench, 20'), Roka Puta 2020 (J. Goya, 4') eta Big vs Small (M. Dufton, 76').
Azken eguneko proiekzino bien ostean, 13:15ean amaierako galea egingo dabe Itsasmuseumen. Sariak emongo deutsez kategoria bakotxeko irabazleei: Dokumental onenari, film labur onenari, Ikusleen Saria, Epaimahaiaren Saria eta Ekintza Kirolena. Ganera, Locals Only atala be badago, Euskal Herriko zuzendarien lanak nabarmendu eta saritzeko.
Ikusi egitarau osoa hemen.
Epaimahairako, ikus-entzunezkoak eta surfa ondo ezagutzen dituen bost lagun aukeratu ditue: Ana Urrutia aurkezle eta surflaria, Aritz Albaizar multimediako eta telebistako produktorea, Iratxe Fresneda zinemagilea, Jon Aspuru surfean aditua dan ikus-entzunezkoetako profesionala, eta Patricia Sánchez kirol-kazetaria.
Jaialdia presentziala izango da, beraz. Halandabe, online ikusi ahal izango dira film parte-hartzaile batzuk, Filmin plataforman ipiniko dituelako Bilbora hurreratu ezin daben ikusleen eskura.
Surfa ardatz nagusia dan arren, abentureagaz eta natureagaz lotutako beste jarduera edo kirol batzuek be lekua izango dabe Bilbao Surf Film Festivalen. Youtube plataformearen bidez, online ikusi ahal izango dira skate erakustaldia, surfaren eta skate-aren erronken inguruko mahai-ingurua eta shaperren topaketea eta erakustaldia.
Jarduera osogarrien artean, aitatzekoak dira Lapurdiko kostaldeko Belharra olatua errealidade birtualean ezagutzeko saioak, hilaren 21etik 23ra, Itsasmuseumeko Didaktika Aretoan. Museoan bertan Lasaitasuna erakusketea ikusi ahal izango da eta ikastetxeetako neska-mutilentzako proiekzinoak be antolatuko ditue. Azkenik, ez da ahaztu behar surfagaz lotutako azokatxua, Itsasmuseumen aurreko zabalgunean, maiatzaren 21etik 23ra.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!