'Sin límites' abentura sailaren filmaketea Getxon, Azkorrin

Bizkaie! 2021-05-06 09:06   Zinemea

Elkano, Magallanes eta tripulazinoaren epopeian oinarrituta dago.



Azkorri hondartzan, bart hasi eta gaur amaituko dira Amazon Prime Video eta RTVEren Sin límites abentura saila grabetako lanak, Mono Films eta Kilima Mediagaz batera, Juan Sebastian Elkano gipuzkoarraren, Fernando de Magallanes portugaldarraren eta tripulazinoaren epopeian oinarrituta. 18 miloe euroko aurrekontua dau telesailak, 4 kapitulu izango ditu, bakotxa 60 minutukoa eta gaztelaniaz eta portugesez egingo da, nahiz eta alkarrizketen zati batean euskerea be egongo dan.

Sin límites Espainian (Sevilla eta Madril) eta Dominikar Errepublikan filmauko dabe. Azkorri hondartza (Bizkaia), Azkoitia eta Lazkao (Gipuzkoa) eta Olite eta Iruñeko katedrala (Nafarroa) izango dira euskal agertokiak.

Amaia Agirre Getxoko Udaleko alkatea Azkorrin izan da bart filmaketa lekuan eta Fernando Larrondo telesailaren produktoreetako bategaz egon da, baita zuzendariagaz, Simon West britainiarragaz eta talde artistikoaren zati bategaz be, horreen artean Alvaro Morte eta Rodrigo Santoro aktore protagonistak, Juan Sebastian Elkano eta Fernando de Magallanesi bizia emoten deutseenak, hurranez hurran. Irantzu Uriarte Turismo eta Kultura zinegotziak eta Bilbao Bizkaia Film Commissioneko ordezkariek be parte hartu eben bileran.

Azkorrin eszena esanguratsu bat egiten dabiz telesailerako. Ingurune naturala errespetau eta lan-protokolo jasangarriak erabiliz, Argentinako Patagoniako San Julian Badia simulau da (han jazotakoakaitik, Argentinako Errepublikeak Leku Historiko Nazionaltzat dauka), Elkano eta Magallanesen espedizinoa lehorreratu zan benetako kokaleku legez). Han izan zan Argentinako lehen meza kristinaua eta matxinadak, hilketak, erbesteratzeak eta patagoiarrakaz izandako burrukak izan ziran.

Amaia Agirre pozik agertu da ikusentzunezko produkzino garrantzitsu bat grabetako eszenatoki lez Getxoko ingurune naturala eta udalerria aukeratu dituelako: Sormen eta kultura-industriei laguntzea da Getxoko Udalaren Ekonomia Sustatzeko jarduera estrategikoetako bat. Turismo Bulegoak Bilbao Bizkaia Film Commission-egaz lan egiten dau 2016tik, gure udalerriak zinema-agertokien zirkuituan dauen presentzia sustatzeko. Alkarlan horri esker, azken urteotan La higuera de los bastardos (Ana Murugarren) eta 70 Binladens (Koldo Serra zuzendari getxotarrarena) filmau dira gure herrian. Telesailak, dokumentalak, publizidadea eta telebistarako saioak be egin dira, Estadukoak zein nazinoartekoak. Kulturea sustatzea eta zabaltzea oinarrizko elementua da gizarte aurreratu batean eta Getxotik sektore horri laguntzeko lanean jarraituko dogu.

Sin límites

1519an, 5 ontzi eta 239 marinelen espedizino batek, Gaztelako Koroaren zerbitzura eta Fernando Magallanes portugaldarra buru ebela, mendebalderantz jo eban, ezezagunerantz, bide alternatibo bat topetako asmoz Espezieen Ugarteetaraino (gaur egungo Indonesia) eta, beraz, Asiako kontinenteraino.

Barruko gatazka, etsipen eta eurek topautako hainbat lurraldetako indigenakaz aurrez aurreko gogorren ondoren, 18 marinelek bakarrik lortu eben 3 urte aurrerago bueltetea, hazur-huts, baldintza txarretan, baina misinoa beteta.

Nabegatzaile horreek espedizinoaren liderra zan Magallanes be galdu arren aurrera jarraitu eben Juan Sebastian Elkano gipuzkoarrak gidatuta, Nao Victoria ospetsuaren kapitaina zanagaz. Abenturazale horreek, inoiz egin dan balentriarik handienetakotzat hartzen dan honi esker, historia betiko aldatu eben, maila komertzialean zein ibilbide barriak edegiteagaitik, bai maila geografikoan zein astronomikoan, lurra esferikoa zala frogatuz.

Talde artistikoari jagokonez, Alvaro Morte (La casa de papel) eta Rodrigo Sontoro brasildarraz gan, Sergio Peris-Mencheta (Cartagena kapitaina), Adrian Lastra (Mendoza kapitaina), Carlos Cuevas (Martino), Pepon Nieto (Aita Bartolome), Raul Tejón (Gomez de Espinosa), Gonzalo Diniz (Duarte Barbosa),
Manuel Morón (Cardenal Fonseca) eta Barbara Goenaga (Beatriz) aktoreak be badagoz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu