‘Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa’ filma gaur estreinauko dabe

Bizkaie! 2021-04-30 09:09   Zinemea

Zinemea Euskeraz programearen barruan dator EAEko zinema-aretoetara.

Bariku honetan, hilak 30, EAEko hamahiru zinema-aretotan Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa filma estreinauko dabe Zinemea Euskeraz programearen barruan. Norvegiar filma da eta Marit Moum Aune eta Rasmus A. Sivertsen ditu zuzendari.

'Sablehortz kapitaina eta diamante magikoa 2021ean Zinemea Euskeraz programearen barruan estreinetan dan laugarren filma da, Tom eta Jerri, Elfkinak eta Kranston ikastetxea: munstroen eskola pelikulen ostean, izan be, ikus-entzunezkoen sektorea suspertzeko konpromisoa dau Zineuskadik, batez be COVID-19 pandemiak eragindako egungo egoerearen ondorioei aurre egiten laguntzeko. Egitasmo honi esker, ume eta gazteei zuzendutako pelikulen bikoizketea bultzatzen dau Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika sailak eta euskerea sustatzen dau zinemagintzan. Beraz, Zinemea Euskeraz programeak zinema-aretoetan normaltasuna berreskuratzen laguntzeko helburua dau, familiei zuzendutako eduki erakargarria eskainiz.

Hurrengo zinema-aretoetan ikusi ahal izango da filma: Antiguo Berri Zinema (Donostia), Zugaza (Durango), Getxo, Gorbeia (Gasteiz), Niessen (Errenteria), Golem Alondiga (Bilbo), Multicines 7 (Bilbo), Usurbe (Beasain), Modelo Antzokia (Zarautz), Bastero Kulturgunea (Andoain), Gurea Antzokia (Amasa-Villabona), Zelai Aristi Aretoa (Zumarraga) eta Areria Aretoa (Lazkao).

Era berean, datozen hileotan publiko zabalari zuzendutako hainbat film izango ditugu ikusgai, besteak beste, Maya Erlea, urrezko esfera (maiatzean) eta Space Jam (garagarrilean).

Sinopsia

Bada nonbait ahalmen berezidun diamante magiko bat: ilbetearen argiak ukituten dauenean, jaubearen desioak beteten ei ditu. Maga Kahn mago arriskutsuaren amesa bizitoki dauen oihan ilunetik iges egitea da, izan be, ezin dau eguzkiaren argia jasan, erre egiten baita izpi batek azala ukituteaz batera.

Sablehortz kapitainak, itxuraz munduko piratarik anker eta bildurgarrienak, bere ontzia urre eta bitxiz bete gura dau. Pinky gazteak, ostera, bizimodu lasaia dau helburu eta, Veronicak, haren lagunik onenak, abenturak ditu ames. Ezustean, Marco txikia da diamanteagaz iges egiten dauena eta konturatu orduko, danak be diamante magikoa lortzeko lasterketa arriskutsuari ekingo deutse.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu