'Ilargi Guztiak' filmaren mundu mailako estreinaldiagaz hasiko da Fant
2021-04-27 13:45 ZinemeaBilboko Udalak atontzen dauen Fantasiazko Zinemaldia maiatzaren 7tik 16ra izango da.
Programazio osoa gaur goizean aurkeztu dabe Gonzalo Olabarria Kultura eta Gobernantzako zinegotziak; Vanesa Fernández jaialdiaren zuzendariak eta Eugenio Puerto Fanten programatzaileak.
Fantek martian eta apirilean ikusleei PreFant zikloa eskaini deutse eta datorren barikuan, maiatzaren 7an, Campos Eliseos Antzokian izango da inaugurazino-ekitaldia; Diego Pérez eta Olatz Ganboa aktoreek aurkeztuko dabe. Ilargi Guztiak, Igor Legarretak zuzendari eta Josean Bengoetxea, Itziar Ituño eta Zorion Eguileor protagonista dituan euskerazko filmaren mundu mailako estrenaldia iragarri dabe, Goya sarietan 15 izentapen izan zituan filmarena (Sarrerak hemen).
Galan, gainera, Fantrobia eta Ohorezko Fant Saria emongo ditue: Lehenengoa, generoaren barruan gorabidean dagoan figura bat autortzekoa, Lluís Quilezentzat izango da, zuzendari, gidoilari eta errealizadore bartzelonarrarentzat; bigarrena, Jaume Balaguerórentzat, Darkness, REC, Mientras duermes eta Los Sin Nombre lako tituluen zuzendaria. Azken hori hurrengo egunean ikusi ahal izango da. Biak joango dira galara sariak jasotera.
Bestalde, Anything for Jackson Justin G. Dycken filma izango da amaierako ekitaldiko protagonista, Estadu mailako estreinaldia eta maiatzaren 15ean, zapatuan, eskainiko dabe, 19:10ean.
Sail Ofiziala
Aurten, hamabi film luze aurkeztuko dira eta Film Luze Onenaren, Gidoi Onenaren Eta Zuzendaritza Barritzaileenaren Fant2021 saria jasoteko hautagaiak izango dira. Hamabi horreetatik hiru dira Espainia mailako estreinaldiak: Kurtis David Harderren Spiral (2019) film kanadarra; Yernar Nurgaliyev-en Sweetie, You Won’t Believe It (2020) Kazajistaneko filma; eta Michael Mayerren Happy Times (2019) koprodukzino italiar-amerikar-israeldarra.
Gainera, FANT 2021eko Sail Ofizialak Europako estreinaldi bi ekarriko ditu Bilbora: Harpo eta Lenny Guilten Mother Schmuckers (2021) film luze belgikarra eta Bradley Parkerren The Devil Below (2021) estadubatuarra.
Sail horretan bertan eta Sail Ofizialeko Film Luze Onenaren saria eskuratzeko aukereagaz (3.500 euro): Dorota Swies eta John C. Lyonsen Unearth (2020) film iparramerikarrak; Cristian Ponceren Historia de lo oculto (2020) argentinarrak; Verónica Chenen Marea Alta (2020); Anthony Scott Burnsen Come True *** (2020) pelikula kanadarra; Márk Bodzsárren Comrade drakulich (2019); Mathieu Turiren Méandre (2020) film frantsesa; eta Karl Holtek zuzendutako Benny Loves you film ingelesa (2019).
Lehiaketatik kanpo, Lodewijk Crijnsen Tailgate (2019) Belgikako eta Herbehereetako koprodukzinoa eta John Hyamsen Alone (2020) eta Max Barbacowren Palm Springs (2020) eta Justin Benson eta Aaron Moorhead-eren Synchronic (2019) film iparamerikarrak ikusi ahal izango da.
Fant Laburrean
Danetara, 31 proposame izango dira. 2021ean, Fanteko film laburrek 3.000 euroko sari bi (Film Labur Onena eta Ikusleen Film Labur Onenaren Saria) eskuratu ahal izango ditue. Horreek Sail Ofizialeko film labur onenei emongo jakez, epaimahaiaren eta zinemaldiaren publikoaren erispidearen arabera.
Parte hartuko daben euskal film laburrak ondokoak dira: Bombardeo, Juanmi Cuestarena; Breath, Aitzol Saratxagarena; Homeless Home, Alberto Vázquez-rena; Irten barrura, Aitor Mendilibar eta Ibon Goikorena; Meritum, Yago Mateorena; Oculto, Imanol Ortizena; Ospel, Xanti Rodriguezena; El ruido solar, Pablo Hernandorena; Si te mueres, te mato, Erik Campos Garcíarena; Sísifo, Markel Goikoetxea Markaidarena; Zerua hautsi zen gaua, María Fontánena.
FANT Laburrean nazinoarteko 10 film labur izango dira ikusgai AZ Auditorioan, maiatzaren 9an, 18:30ean.
Maiatzaren 14an emongo da ezagutzera Zinemaldiko Palmaresa. Aurten, Sail Ofizialaren epamahaia Yago Garcia Cinemanía aldizkariko erredaktoreak, Norberto Ramos del Val Muertos comunes, El último fin de semana edo oraintsuko ¡Ni te me acerques! filmen zuzendariak eta Nerea Torrijos, La noche del virgen, Errementari edo Akelarre Bilboko jantzien diseinatzaileak osotuko dabe. Panorama atalaren epaimahaia honako honeek osotuko dabe: Jon Mikel Caballero zuzendari eta gidoilariak, Esther Caberok eta Diego H. Katarynuik zuzendari eta ekoizleak.
Saritutako tituluak saio berezi bitan gozau ahal izango dira: hilaren 16an eta 20an, Golem zinema-aretoetako 1. aretoan (16:00etan Panorama Sekzioko Palmaresa, eta 18:30ean Sail Ofizialeko Palmaresa).
Fanteko maisuak
Generoaren izen handiei omenaldia egiteko zikloa: Aurten, Boong Joon-ho Hego Koreakoa izango da protagonista, izan be, 2019an lau Oscar sari irabazi zituan, Parasite filmari esker.
Era berean, Fantek omenaldia egingo deutso Jack Sholder estadubatuarrari be: The Hidden filmaren proiekzinoagaz. Hori, Avoriazeko Zinemaldian saritutako kultuko filma da.
Proiekzino bereziak
Fantek Wes Cravenen, Scream, aurten 25 urte bete dituan eta 90eko hamarkadan slasher azpigeneroaren berpizkundea markau eban filmak, edo Richard Donnerren bildurrezko generoan sartzea La Profecía lako filmak pantaila handian barriro ikustea proponiduten dau.
Horrezaz gan, Diego Lopez Sitgeseko Zinemaldiko programatzailearen La dama del FANTATerror filma eskainiko dau Fantek.
Bilboko jaialdiak DokuFan eta Fant Familian atalak berreskuratuko ditu baina azken proikzino berezia Becky izango da, Jonathan Milott eta Cary Murnion estadubatuarrek zuzendutako thriller dotore eta odoltsua.
Bestelakoak
Fanten programazinoa pantaila handiko proiekzinoetatik harago zabaltzen da eta bildurrezko filmak zein erakusketak be izango dira Zabalguneko eraikinean.
Maiatzaren 9an, 11:00etan, Azkuna Zentroan, Akelarre unibersoagaz topaketa berezia egingo da Nerea Torrijos, Aranzazu Calleja eta Maite Arroitajauregiren (Mursego) eskutik.
Beste alde batetik, Campos Elíseos Antzokian, Gorka Agirrek masterclass bat eskainiko dau maiatzaren 13an.
Sarrerak
Saio bakar baterako sarrerak 5 euroan dagoz salgai eta Golem – Alondiga zinema-aretoetako txarteldegietan eta webgunean eskuratu ahal izango dira.
Gainera, aurten, Filmin plataforman izango dau leihoa jaialdiak, 14 film eta film laburren hiru saio izango baititu.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!