Lluis Quílez kataluniarrari emongo deutse Fantrobia Saria
2021-04-16 12:32 ZinemeaIbilbide luzeko zuzendari, gidoilari eta produktorea da.
Maiatzaren 7tik 16ra egingo dan Bilboko XXVII. Fant jaialdian Lluis Quílez Sala zinemagile kataluniarra omenduko dabe; hain zuzen be, Fantrobia Saria emongo deutse. Fantasiazko eta bildurrezko zinemagintzan ibilbide gero eta oparoagoa dauen sortzaile eta artista bati emoten deutse urtero sari hori.
Bartzelonarra da Quílez, eta, 2003an ikus-entzunezkoetan bere ibilbide profesionala hasi ebanetik, zuzendari, gidoilari eta produktore izan da. El siguiente film laburra izan zan bere lehenengo lana, hamarkada bi betetear dan ibilbide bateko lehenengo pausua. Nazinoartean 17 sari emon eutsezen Quílezi lehenengo filmagaitik, tartean, 2004ko Méliès d'Argent saria, Europako film labur onenari.
Ondoren, jaialdi entzutetsuetan aurkeztu zituan Avatar (2005) eta Yanindara (2007). Azken hori Oscar Sarietako lehiako lehenengo faseetan sartu zan.
Lehenengo film luzea 2015ean aurkeztu eban Quílezek, Out of the dark. Urte haretan sortu eban Euphoria Productions produkzino-etxea. Graffiti film laburrari esker, 2017ko Goya Sarietan hautagai izan zan, eta Fanten hartu eban parte.
Bigarren film luzea aurkeztu barri dau zinemagile kataluniarrak, Bajocero, estreinau osteko hilean ingelesez ez dan pelikularik ikusiena Netflix plataforman. Hortaz, genero fantastikoko sortzaileen artean nabarmendu da azkenaldion Quílez.
Covid-19ak igazko planak aldatzera behartu eta gero, Bilboko Fantasia eta Bildurrezko Zinemearen Jaialdia, Fant, ohiko datetara bueltauko da aurten, maiatzera. Sail ofizialeko programak ez ditue oraindino iragarri, baina egitarauaren lehenengo zertzeladak ezagutzen hasi gara, esate baterako, Fantrobia Saria nori emongo deutsen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!