44. Euskal Zine Bilerea presentzialera bueltan, online formatua ahaztu barik
2021-04-14 08:36 ZinemeaLehiaketara lanak aurkezteko epea zabaldu dabe antolatzaileek.
2020ko edizinoa desbardina izan zan formatuaren aldetik, osasun egoereak horretara behartuta: aurrez aurreko saioen ordez, online izan ziran Lekeitioko Euskal Zine Bilerearen saioak, publikoak bere etxetik ikusi ahal izan zituan proiekzino eta ekitaldi nagusiak. 2021eko edizinorako prestakuntzak egiten hasita, antolatzaileek aurreratu dabe formatu presentzialera bueltetako ahalegina egingo dabela.
Zemendiaren 20tik 28ra izango da 44. Euskal Zine Bilerea, beraz, badago astia osasun egoereak hobera egin deian. Zinemagileen eta herritarren arteko topaleku izateko asmoaren barruan, betiko saio presentzialak dira jaialdiaren indarguneetako bat, eta, dana ondo badoa, aurten bertan berreskuratuko ditue.
Ikusleak barriz aretora erakarriko ditu Euskal Zine Bilereak, segurtasun neurri guztiak betez eta kalidadezko jaialdia eskainiz, adierazo dabe antolatzaileek. Euskal ikus-entzunezkoaren iragana, orainaldia eta etorkizunak bat egiten jarraituko dabe 44. edizinoan.
Dana dala, 2020ko esperientzia desbardina baina oso ona izan zala kontuan izanda, online formatuaren alderdi batzuei eutsiko deutsela aurreratu dabe Zine Bilerakoek. Webgunean Sail Ofizialeko filmak ikusi ahal izango dira, eta eduki bereziak be atonduko ditue.
Ikusgarri zinema-aretoaren ateak zabalduko deutsez ikusleei, eta Lekeitiora hurreratu ezin dabenentzat, internet bidezko leihoa egongo da.
Euren lanak Euskal Zine Bilerako lehiaketara aurkeztu nahi dituen sortzaileek irailaren 8ra arteko epea dabe horretarako. Aurkeztutako guztien artetik 20 film aukeratuko ditue jaialdirako, eta 200 euro emongo deutsez bakotxari.
Sail Ofizialeko pelikulek sari ugari irabazi ahal izango ditue, besteak beste, film onenarena, gidoirik onenarena eta zuzendaririk onenarena. Ikusleek be euren eretxia emongo dabe, Publikoaren Saria nori emon erabagiteko.
Euskeraz produzidutako askotariko lanen erakusleihoa da Euskal Zine Bilerea: teknika, tratamendu, genero, sorkuntza prozesu eta gai ugari batzen ditu. Horregaitik, 44. edizino honetan parte hartzeko deia egin deutse sortzaile guztiei (oinarriak hemen).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!